2023-24 ikasturtearen amaiera

Dantza giro bizian ikasturtea agurtu eta udako hitzorduei ongi etorria eman die Orbeldik

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 8a, 13:42

Hilabeteotako jarduna jendaurrean agurtu du Orbeldi dantza taldeak. Baina ez doaz oporretara. Izan ere, udako festetan urteroko erronda egingo dute.

Azken txanpan den 2023-24 ikasturtea agurtzen hasiak dira herri eragileak. Ongien dakiten moduan, dantza giro bizian egin dio agurra Orbeldik denboraldi honi, ostiral honetan eskainitako emanaldiarekin. Talde ezberdinak batu dituen kalejirarekin ekin zioten saioari Oiardo kiroldegitik. Mikel Laboa plazan eginiko geldialdiaren ostean, Artzabalen eskaini zuten emanaldi nagusia.

Orbeldik hilabeteotako jarduna agurtu du bai, baina ez doz oporretara. Abiatzear dugun udan eta urte garai horrekin batera, hastear diren festen denboraldian ikusiko ditugu berriz. Dantza erakustaldi ederrak eskainiko dituzte, hasteko, datozen asteotan, Kalezarko nahiz Usurbilgo jaietan.

Orbeldikoekin hasi da, aipatu moduan, amaitzear den denboraldiko agurra. Datozen asteotan herri eragile gehiagok bukatuko dute hilabeteotako jaduna jendaurreko deialdion bueltan:

Ikastola Eguna
Udarregi ikastolak bere ikasturte amaierako jaialdia ospatuko du asteburuan:
Ekainak 8, larunbata
Udarregi Ikastolaren Eguna
Goizean zehar, LH eta DBHkoen jolasak.
14:00 Ikastolako bazkaria frontoian.
17:00
DBHko ikasleen emanaldia.

Ekainak 14-16
“Usurbil Eskola Agenda 2030” erakusketa Sutegin.

Ekainak 14, ostirala
9:30
“Agenda 30” Ikasleen aurkezpena osoko bilkura gelan.

Antolatzaileak: Udarregi ikastola eta Hitz Aho guraso elkartea.


Txikitako jolasak eta euskaraokea Santuenean
Jolasak eta musika tartekatuko ditu Santuenea Kultur Elkarteak iganderako, ekainaren 9rako, iragarri duen arratsalde pasan. 16:30etan hasita, “gure txikitako jolasetan parte hartzeko aukera paregabea izango dugu familia giroan: txingoa, txapak, xiba, goma, sokasaltoa…”. Jolastu ostean, abesteko aukera. “Gorka Mendirekin karaoke saioa egingo dugu euskal abesti gustagarrienekin”.


Zumarte
Kontzertuen asteburua iragarri du musika eskolak, astebete barru:
Ekainak 14, ostirala
18:00 Musika eskolako aurreko plazatxoan, Zumarte Musika eskolako ikasleen kontzertuak.

Ekainak 15, larunbata
17:00 Trikitixa, pandero, haize, perkusioko ikasleen kalejira frontoitik hasita.
18:00 Frontoian, Zumarteko musika txokoa, mintzaira, Abesbatza eta Talde instrumental desberdinen kontzertua.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.


Kantu Taldea
Udako etenaldiaren aurretik, kantu-jira eta afaria iragarri dute astebete barru:

Ekainak 14, ostirala 
19:00 Kantu-jira-poteoa Mikel Laboa plazan hasita.
20:30 Kantu-afaria Patrienean. Norbaitek izena eman nahi balu, deitu 650 42 26 07 telefono zenbakira, ekainaren 7a baino lehen. Menua: urdaiazpiko-kroketak; entsalada, gazta urdina eta intxaurrekin; bakailaoa bere saltsan patatekin; entrekota piper gorri eta patata frijituekin; gazta pastela; urteko ardoa ½, Sagardoa ½, kafea, infusioa.
Prezioa: 25€.
Oharra: kantu-liburuxka eramatea gomendatzen da. Ez duenak NOAUA! K.E.-n eskura dezake.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.


Aginagako eskola
Ikasturte amaierako emanaldia iragarri dute Aginagan. “Ikasleek prestatutako gala, komunitatean bazkaria eta sorpresaren bat egon daiteke bazkal ondoren!”.

Ekainak 21, ostirala
12:00
Gala.
13:30 Bazkaria jubilatuen eskutik.
Txartelak 20 eurotan eskuratu ahalko dira Arrate tabernan izena eman behar da ekainaren 6a baino lehen.
17:00 Musika.
Antolatzaileak: Antxomolantxa, Eliza Zaharra, Arrate jubilatuen elkartea, San Praixku guraso elkartea eta Aginaga Herri Eskola.