#E9

Bozketa egun honi lotutako hainbat berezitasun

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 9a, 14:21

Ohi bezala 20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak eta une horretan hasiko da botoen zenbaketa. Behin-behineko emaitza ofizialak, ordea, gaueko 23:00etan hasiko dira argitaratzen, Europako azken hauteslekuak (Italiakoak) itxi berritan.

Europako parlamentua berritzeko hauteskunde eguna gaur Usurbilen, Euskal Herri osoan, baita Europako toki gehiagotan ere. Azken egunotan, Europako parlamentuan ordezkaritza duten herrialde guztietan bozketa eguna dute. Igande honetakoa izango da hauteskunde prozesu honen azken eguna.

Azken urtebetean izan ditugun udal eta foru hauteskundeekin, nahiz Eusko Legebiltzarra eta Espainiako Gorteak berritzeko antolatu izan direnekin alderatuta, hainbat berezitasun ditu gaurko deialdiak. Hasteko, aipatu moduan, egun bat baino gehiagoko eta herrialde askotara hedatuko dela hauteskunde prozesu hau; ekainaren 6tik 9ra, 27 herrialdeetan zabaldu dituzte hauteslekuak. Haietatik 20 herrialdeetan, igande honetan bertan, hilaren 9an. Guztira, ia 373 milioi europar daude deituak botoa ematera.

Herrialde guztiok 720 diputatu hautatuko dituzte, azkeneko deialdian baino 15 gehiago. Gainerako bozketa egunetan ez bezala, Europako erakundeak lau urtean behin ez, bost urtean behin berritzen dira. Azkenekoz, 2019ko maiatzean egin ziren hauteskundeok, udal eta foru hauteskundeen egun berean.

Barruti bakarra
Europako parlamentua osatuko duten 720 ordezkari hauetatik 61 espainiar estatuari hautatzea dagozkio. Honatx hauteskundeon beste berezitasuna; barruti bakarra izango du deialdi honen estatu osoan. Hauteskunde barruti bakarra egongo da deialdi honetan, estatu mailakoa; hau da, boto eskubidea izango duten herritarrek hautagai-zerrenda berdinak aukeratu ahalko dituzte estatu osoan. Desberdintasunik egongo da halere; hautagai-zerrenda berak autonomia erkidegoetan zerrenda eta izen berezituekin aurkeztu ahal dira eta. Ordezkaritza hau berritzeko 39 izan ziren hauteskundeotara aurkezturiko hautagai-zerrendak, 33 izan dira Hauteskunde Batzorde Zentralak onetsi eta aldarrikatu dituenak. 

Usurbil barne hartzen duen EAE barruan, honako hauek: Izquierda Española, EAJ-Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa, Frente Obrero, EHBildu-Orain Errepublikak, Junts i Lliures per Europa, PSOE, Ahora Andalucia, Iustitia Europa, VOX, PP, Escaños En Blanco, Corriente Revolucionaria de los Trabajadores, Podemos, Feministas Al Congreso, Partido Comunista de los Trabajadores de España, PCPE/PCPC, Sumar, PACMA, Cree En Europa, Pas I Moviment Rural, Agrupación de Electores "Se Acabó La Fiesta", Futuro, La España Olvidada Existe, Ciudadanos, Falange Española de las J.O.N.S., Soberanía Alimentaria Española, Juntos Por Extremadura, Partido Humanista, Volt España, Recortes Cero, Extremeños Prex Crex, Partido Galego, Piratak eta PREPAL.

Emaitzak 23:00etatik aurrera
Hizki zopa honetako hautagai zerrendetako bat aukeratzeko eskubidea izango dute gaur bozkatzera deituak dauden herrikideek. Ezingo dute parte hartu, besteak beste, posta bidez botoa ematea eskatu zutenek. Gainerakoek, 9:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte parte hartu ahalko dute hitzordu honetan. Deialdi honi lotutako beste berezitasun bat; emaitza ofizialak noiz plazaratuko diren. Ohi baino beranduago izango da. Beti bezala, 20:00etan hauteslekuak itxi eta botoen zenbaketari ekingo zaio. Aldiz, emaitza ofizialak ezingo dira ezagutarazi gaueko 23:00ak arte. Izan ere, ordu horretan itxiko dituzte Europako azkeneko hauteslekuak, Italiakoak hain zuzen. Hori gertatu arte, ezingo da emaitzen berri eman.