#E9

Hauteslekuak zabalik, Europako parlamentua berritzeko bozketa eguna martxan

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 9a, 09:47

Goizeko 9:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak. Atea ireki orduko hasi dira bozkatzen lehen herrikideak.

Azken urtebete honetako laugarren hauteskunde eguna gaurkoa, pixka batean itxuraz behintzat, azkena. Igande honetakoa, ekainaren 9 honetakoa, Europako parlamentua berritzeko baliatuko da. Goizeko 9:00etan ireki dituzte hauteslekuak. Berehala hasi dira hurbiltzen lehen herrikideak. Batzuk etxetik prest ekarri dute boto-papera, beste batzuk hauteslekuan bertan hartu dute. Ikusi, zer nolako itxura duen gaurkoan, boto-paperen mahaiak. Inoiz baino gehiago Europako hauteskundeen egun honetan. Izan ere, 33 dira deialdi honetara aurkezturiko hautagai-zerrendak.

Ohi bezala, arratsaldeko 20:00ak arte zabalik izango dira hauteslekuak Udarregi ikastolan, haur eskolan, Aginagako eskolan, Santuenea auzo elkartearen egoitzan eta Zubietako Lanbide Eskolan Usurbil aldean bizi diren Zubietako bizilagunentzat (Donostia aldekoek Zubietako eskolara jo beharko dute). Norbera non dagoen erroldatua, horren arabera, hautesleku batera edo bestera joan ahalko du botoa ematera.

Bozketa eguneko hitzorduak
Hauteskunde egun honi lotutako jarraipena egingo dugu datozen orduotan atari honetan bertan. Ohi bezala, hauteslekuak 20:00etan itxi arte, bitan emango dituzte parte hartze datuen berri eta xehetasunok emango dizkizuegu. Bestalde, hauteslekuak itxi eta berehala hasiko da botoen zenbaketa, baina emaitza ofizialak ohi baino askoz beranduago argitaratuko dira, gaueko 23:00etan, Europako azken hauteslekuak, Italiakoak itxi ostean. Usurbilgo datuak jaso ahal zuenganatuko ditugu.

Ekainak 9, igandea
8:00 Hauteslekuetan lan egitea egokitu zaienen bilkura guneok prestatzeko.
9:00 Hauteslekuen irekiera. Bozkatzen hasteko unea.
14:00 Eguneko lehen parte hartze datuen berri.
18:00 Eguneko bigarren parte hartze datuen berri.
20:00 Hauteslekuen itxiera. Botoen zenbaketa hasiera.
23:00 Behin-behineko lehen datuen berri.