Botoen %57,94a eskuratuta, EHBildu-Orain Errepublikak koalizioa nagusitu da Usurbilen, igande honetako Europako parlamentua berritzeko hauteskunde egun honetan. Inoiz baino beranduago jakinarazi dituzte emaitzak eta noski, plazaratu dituztenerako behin-betikoak izan dira, botoen %100 zenbatuta zeuden. 1.502 boto eskuratu ditu EHBilduk.
Bigarren indarrak jasotako babesa ia laukoiztu egin du Orain Errepublikak koalizioak. Bigarren hautagai-zerrenda babestuena hain zuzen, PSOE izan da botoen %15,54 eskuratuta (403 boto). Hirugarren indarra bozkatuena EAJ izan da. EHBilduren boto kopuruaren laurdena eskuratu du EAJ-k; 368 boto, bozken %14,19.
Ehun boto baino gutxiago lortu dituztenen artean dira gainerako eragile politikoak; lehenbizikoa PP 95 botorekin (%3,66). Segidan, bata bestearen segidan, lau bozken tartearekin, Podemos eta Sumar, 58 eta 54 botoekin hurrenez hurren. Adi, gero; VOX-ek ateratako 22 botoei, beste 24 batu behar, estreinakoz deialdi honetara aurkeztu den "Se acabó la siesta" ultraeskuindarrak lortu dituenak (eta beste bat, FE de las JONS-ek jasotakoa). PACMA-ren 18 botoez aparte, gainerako hautagai-zerrenda guztiek bost boto edo gutxiago edota babesik ez dute izan.
Europako Parlamenturako hauteskundeak
Usurbil
Botoak hautagaitzei: 2.582 (%99,61).
Boto baliogabeak: 10 (%0,38).
Boto zuriak: 10 (%0,38).
Emaitzak:
-EHBildu-Orain Errepublikak: 1.502, %57,94 (+4,42)
Joera beretsua eskualdean eta Gipuzkoan
Usurbilen bezala ia eskualde osoan eta Gipuzkoan ere EHBildu nagusitu da. Beterri Buruntzari dagokionean, Usurbilen lehen hiru indarrek izandako hurrenkera bera izan dute Andoainen, Astigarragan, Hernanin eta Urnietan. EHBildu nagusitu da aipatu udalerri guztiotan eta segidan PSOE izan da bigarren indarra. Bi eragileok 2019ko deialdian baino babes handiagoa eskuratu dute. Hirugarren indarra udalerri guztiotan EAJ izan da eta herritarren babes gutxiago izan du. Lasarte-Oria izan da salbuespen bakarra: PSOEk irabazi du eta segidan EHBildu bigarren indarra, EAJ hirugarren. Eskualdeko gainerako udalerrietan izandako bilakaera bera izan dute hirurek Usurbilek mugakide duen udalerri horretan.
Ordezkaritza
Gogoan izan, 720 ordezkariek osatuko dute Europako parlamentu berria, aurrekoak baino 15 parlamentari gehiago izango ditu. Horietatik 61 dagozkio estatu espainiarrari. Datozen lerrootan eragile politiko bakoitzak eskuratutako boto kopuruaren araberako ordezkaritza izango du.
Eragile politiko batzuk bakarka aurkeztu dute hautagai zerrenda, beste batzuk koalizioan. Geurean ordezkaritza duten alderdiak aintzakotzat hartuta; EHBildu "Orain Errepublikak" koalizioan aurkeztu da oraingoan, ERC katalanekin eta BNG galizarrekin. Hiru ordezkari eskuratu dituzte. EAJ Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioan aurkeztu da Coalición Canaria, Geroa Bai edota El Pi-Proposta per les Illes Balears-rekin eta ordezkari bakarra eskuratu du. Gainerako alderdi nagusiek zerrenda propioa aurkeztu dute. Hala, ordezkari gehien PPk eskuratu ditu; 22 guztira. Bi gutxiago, 20 PSOEk, VOX-ek sei, hiru Sumarrek, hiru "Se acabó la fiesta" plataformak, bi Podemosek eta bakarra Juntsek.