Aitzaga K.E., 30 urte

Aitzagaren 30. urtemugako kamiseta eskuratzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 10a, 14:10

Urtemugako kamiseten salmentak izandako arrakasta tarteko, Aitzaga kultur elkarteak astelehen honetara arte, ekainaren 10era arte eskaera gehiago egiteko epea zabaltzea erabaki zuen iragan astean.

"Ikusirik 30. urteurreneko kamisetek izan duten arrakasta, eskari berri bat egingo dugu eskaera egiten duten pertsonentzako", hala iragarri zuen Aitzaga kultur elkarteak ostegunean sare sozialen bidez zabalduriko mezuan.

Eskaerak ekainaren 10a baino lehen egin beharko dira 697 79 79 41 telefono zenbakian. Mezu edo dei horretan kolorea, neurria, kopurua eta eskatzailearen izena zehaztu beharko dira. "Kamisetak iristean zuekin jarriko gara harremanetan jaso ditzazuen", ohartarazi dute Aitzaga K.E.-tik. 15 eurotan eskuratu ahalko dira kamisetok.

Eskertza
"Astelehen" gozoa utzi die zalantza izpirik gabe 30. urtemuga jaialdiak Aitzaga Kultur Elkarteko kideei. Ekainaren 1eko ospakizun egun handiaren ondotik, honako mezu hau helarazi nahi izan dute. "Eskerrak eman nahi dizkizuegu Aitzagaren 30. urteurren jaialdia aurrera ateratzen lagundu zenuten guztioi eta bertaratu zinenetoi! Zuek gabe Aitzaga ez litzateke egun dena izango. Eskerrik asko Usurbil!".  

Zea Mays, Olaia Intziarte eta Delirium Tremensen eskutik bizitako kontzertu gau jendetsua, DJ Jotatxok amaiera eman ziona, Fanfarrikant Brass Banden kalejira bizia, 300 lagun baino gehiago batu zituen herri bazkari jendetsua Askatasuna plazan... Jaialdi handia bizi izan zuen larunbatean herri honek.

Dokumentala sarean
Egunari urtemugako hasiera ekitaldiarekin ekin zioten. Bertan, errezitatuz eta abestuz omendu zuten 30 urte betetako herriko elkartea. Horrekin batera, Aitzaga oroitu, omentzeko tartea hartu zuten. Izan ere, belaunaldi ezberdinetako Aitzaga kide ezberdinen ahotik, hiru hamarkada hauen ibilbideko hainbat mugarri, bizipen, une gogor eta gozoak gogoratu zituzten, hitzordu hartan proiektaturiko ikus-entzunezkoan.

Aitzaga elkarteko kideek aditzera eman dutenez, sarean zintzilikatu dute jada ordu laurden pasatxoko dokumentala. "Usurbilgo ezkertiar eta abertzaleek osatzen duten komunitatearen etxea da Aitzaga, herrigintzan dabilen edonorentzat topagune eta babesleku. Dokumental hau 30. urteurrenaren harira egindakoa duzue", dio ikus-entzunezkoaren aurkezpen testuak. Albiste honi atxikitako bideoa duzue hain zuzen, Youtubeko Usurbilgo Sorturen kanalera igo dutena.

Jaialdia igaro da bai, baina oraindik 30. urtemugari lotutako hitzordurik badu Aitzaga kultur Elkarteak; iragan maiatzean Irulegiko eskuari buruz eginiko hitzaldiaren harira, hango aztarnategira bisita gidatua antolatu dute.

Aitzaga K.E.-k 30 urte
Ekainak 15, larunbata
8:15
Irulegira irteera Oiardo kiroldegitik autobusez. Joan etorria eta bisita gidatuaren prezioa: helduek 25 euro, haurrek 15 euro.
Zehaztasunak: “Bertan Irulegiko aztarnategiaren bisita gidatu bat izango da. Goizean abiatu eta eguerdi bueltarako izango da itzulera”.
Izen-ematea: aurrez Aitzagan.
14:30 Itzulera.

21:00 Folkcore V. Asamblea+Electropapo ta ondoren Bigiliya Aitzaga aurrean Aitzaga tabernak antolatuta.


Antolatzailea: Aitzaga kultur elkartea.