Usurbilgo jaiak

Herriko festei begirako hainbat deialdi

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 10a, 14:36

Ia hiru aste geratzen dira oraindik Usurbilgo jaietarako, baina hainbat ekimenetan izen-emateko garaia da edo epealdi hau irekitzear dute antolatzaileek.

Usurbilgo jaietan murgiltzeko ia hiru bat aste geratzen dira, baina konturatzerako festa giro betean murgilduak egongo gara. Horregatik, hainbat hitzorduetarako txartelak lehenago eskuratu beharko dira edo aldez aurretik eman beharko da izena; deialdiotan, esaterako.


Zikiro janerako txartelak
Adi, Usurbilgo jaietako hitzordu jendetsuenetako baten oharra segidan. Ekainaren 29an egingo den zikiro-janerako txartelen salmenta hitzordua zehaztu dute antolatzaileek. Iaz bezala, egun bat finkatu dute horretarako. Igande honetan, ekainaren 16an (igandea) 30 eurotan (20 eurotan gazteek eta langabetuek) erosi ahalko dira txartelak eguerdiko 12:30etan Aitzaga elkartean (Askatasuna plaza aldetik sartuta).

Haurren Eguneko ekintzak
Usurbilgo jaien berri Udalak hilabete amaieran etxez etxe banatuko duen egitarauaren bidez jasoko dugu. Bertan, besteak beste, Haurren Eguneko ekintzei buruzko xehetasunak emango dira. Umeen Eguna uztailaren 1ean izango da aurten, astelehenez.

Egun horren antolaketaz arduratzen diren gurasoak prestaketa lanean dira hilabeteotan. Iragarri dutenez, egun horretako ginkanan (LH 1-4 artekoentzat) eta erronkan (LH5-DBH2 artekoentzat) izena emateko epea zabaldu dute ekainaren 19ra arte. Ikastetxeko orrialdean eman ahalko da izena. Bertan izen-abizenak eta ikasmaila zehaztu beharko dira. Bestela, e-posta helbide honetara idatzita eman dezakezue izena: umeen.eguna@gmail.com. Antolakuntzatik ohartarazi dutenez, uztailaren 1ean, Erronkan parte hartuko dutenek aldatzeko arropa eraman beharko dute.

Jubilatuen bazkarirako txartelak
Aurten ekainaren 30ean, igandearekin Atxega jauregian ospatuko den otordurako txartelak ekainaren 17tik (hilaren 17ko goizeko 10:00etatik aurrera) 19ra jarriko dituzte salgai Usurbilgo Udaleko gizarte zerbitzuen bulegoan edota hiru jubilatu elkarteetan; Usurbil, Santuenea eta Aginagakoan agortu arte. Gurea Pakea, Gure Elkartea edo Arrate elkartean agortuko balira, gizarte zerbitzuetara jo beharko da. Bi prezio izango dituzte txartelok; 20 eurotan eskuratu ahalko dituzte 60-65 urte artekoek. Aurten 65 urte izan edo beteko dituztenek eta hortik aurrerakoek 10 eurotan erosi ahalko dituzte. Honako menu hau dastatu ahalko da: urdaiazpiko iberikoa, itsaski entsalada epela, txangurrozko kurruskia, onddoen hostorea hasteko; gero, aukeran, bakailu konfitatua pikillo-ohearekin edo txahalkiak ardo beltz purearekin. Postrerako ere aukeran, tarta dastaketa eta fruitu gorrien yogurt krema.

Jaien aurkezpena
Estreinakoz, Jai Batzordeak ekainaren 27tik uztailaren 2ra ospatuko diren herriko jaiak aurkezteko agerraldi herrikoia iragarri du ekainaren 17an, 18:00etan Mikel Laboa plazan.