Gertakariez jositako goiza errepideetan, datozen hiru gauetan N634 errepidea itxita

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 11a, 11:49

Gutxienez bi istripu gertatu dira azken orduotan A8 autopistan. Horrez gain, ibilgailu bat matxuratu da. Adi,  bestalde, N634 errepidea itxi egingo dute datozen hiru gauotan Oxtape eta Atxega artean. Izan ere, tren geltoki berriko lanak tarteko, Etxealdiako zubi berria eraikitzeko, orain artekoa eraitsiko dute egunotan.

Goiz mugitua A8 autopistan Usurbil parean. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak jakitera eman duenez, gutxienez hiru gertakari izan dira astearte goiz honetan, ordubeteko tartean; bi ezbehar gertatu dira eta ibilgailu bat ere matxuratu da. Matxurari dagokionez, 26. kilometroan izan da, Orio alderako noranzkoan 8:00ak pasatxoan.

Ordu berean, baina Donostia alderako noranzkoan, 28. kilometroan gertatu da lehen ezbeharra; "errepide-irteera" Trafiko Zuzendaritzatik ohartarazi dutenez. Azkenik, 9:00ak pasatxoan, A8 autopista bereko 32. kilometroan, hau ere Oriora bidean, jazo da bigarren ezbeharra; hainbat ibilgailuren arteko istripua Eusko Jaurlaritzatik ohartarazi dutenez. Ezbeharrak eragin dituen auto-pilaketak 9:30ak pasatxoan amaitu direla berri eman du Trafiko Zuzendaritzak. "Garbiketa zerbitzuak lekuan mantentzen dira", gaineratu dute.

N634 errepidearen itxiera
Errepideei dagokien azkeneko ohar baten berri segidan. Usurbilgo tren geltoki berriko lanak aurrerabidean doaz. Gogoan izango duzue, besteak beste, Etxealdia, tren geltokia eta Atallu lotuko dituen zubi berri bat eraikitzekoak direla, trenbidea gainetik zeharkatu eta, honenbestez, orain arte zegoen pasabide arriskutsua ezabatuko duena. Zubia eta tren geltoki berriaren arteko joan etorria igogailu eta eskilara bidez egin ahalko da etorkizunean.

Zubi berri hau egungoa baino altuagoa izango da gainera. Baina horretarako, orain arte baliatu ahal izan dena eraitsi beharra dago. Hori da hain zuzen, egunotan egingo dutena. Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, ekainaren 11tik 13ra, hau da, asteartetik ostegunera egingo dituzte lanok.

Errepidearen itxiera
Lan hauen ondorioz, datozen hiru gauotan, 22:00etan hasi eta goizaldeko 6:00ak arte itxi egingo dute N634 errepidea San Inazio paretik Oxtaperaino, Txaramuntoko pasabide alternatiboa eraiki zutenean egin bezalaxe. Ordu tarte horretan, beraz, ibilgailuen joan etorria herri barrutik bideratuko da.

Aginaga aldetik datozenek nahiz Kaxko inguruan bizi eta Donostia aldera doazenek San Inazio parean irten beharko dute N634 errepidetik, herri barrura sartu eta handik gero Bizkarretik berriz errepide berean sartu ahalko dira. Usurbil aldera datozenek, Troia aldetik nahiz Oxtapetik herri barrura sartu eta San Inazio parean itzuli ahalko dira berriz N634 errepidera, Aginagarantz joateko.

Beheko mapan ikus dezakezuen moduan, morez itxiko dute errepide zatia, urdinez Donostia alderantz jotzeko non irten beharko den N634 errepidetik eta herri barrutik egin beharko den bidea. Azkenik, gorriz nabarmendua duzue, Oxtapetik San Inaziora joateko nondik igaro ahalko garen.

“Aurrekoan bezala, udalak oraingoan ere eskatu die langile bat jar dezatela ibilgailu handiak kaxkora ez bideratzeko, trabatuta gelditzeko arriskua saihestuz”, ohartarazi dute Udaletik.

Oinezkoentzako pasabidea Txaramuntotik
Gogoan izan, Etxealdiako zubia maiatzaren 27az geroztik itxita dagoela. Haren ordez, Txaramunto paretik pasabide alternatiboa duzue tren geltoki aldera joateko edo herri erdigunerantz igotzeko. Etxealdiakoaren antzera, eskilarak nahiz pasabide laua ditu N634 errepidea gainetik zeharkatuko duen behin-behineko zubi honek. Bizikletekin eta patineteekin doazenek, gainerakoen antzera, oinez zeharkatu beharko dute pasabide alternatibo hau. Hamar bat hilabetez erabili beharko da zubi hau.