Zenbait bilera eta topaketa egunotan

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 11a, 09:22

Gipuzkoako pentsiodunen nahiz Altxa Burua mugimenduaren topaketak, Elkargunea eraikitzen segitzeko bilkura, Sortalderen urteko batzar nagusia edota Udajolaseko guraso bilera iragarri dituzte asteotarako.

Gipuzkoako pentsiodunak
Herrialde mailako topaketa egingo dute ostegunean, ekainaren 13an, 10:00-14:00 artean Sutegiko auditorioan. Gipuzkoako pentsiodunek bilkura egingo dute bertan.

Altxa Buruaren hirugarren topaketa
Herrialde mailako pentsiodunak Sutegin bilduko diren egun berean elkartuko dira Altxa Burua Gipuzkoa mailako herri mugimenduko taldeak Udarregi ikastolako erdiko aretoan; ekainaren 13an, 18:00-20:00 artean. "Hitz Aho guraso taldean, pantailen erabilera egokia eta hauek seme-alabei ematea atzeratzea lantzen ari dira duela urte batzuetatik hona. Gaur egun, Gipuzkoako 50 herri eta hirietako auzoetako lantaldeak dabiltza proiektuan murgilduak eta III. topaketa honetan, alde batetik, talde bakoitzeko ordezkarien batzarra antolatu dute eta bestetik, "elkar-indartze eta aldarrikapen" saio bat izango da (talde-dinamika), herri bakoitzetik, usurbildarrak barne, nahi duenarentzat irekia. Familiak, gazteak, haurrak... gonbidatuak zaudete. Animatu!".

Elkargunea
Udarregi ikastola pareko zelaian kokatuko den Usurbilgo Elkarguneari lotuta otsailean hasitako parte hartze prozesuaren azken saioa iragarri dute larunbat honetarako, ekainaren 15erako, 10:00-13:30 artean. Udarregi ikastolako Agerialde eraikineko sarreran biltzeko deia egin dute. Bosgarren eta azken saio honetan, "hemendik aurrerako urratsez hitz egingo dute", iragarri dute deitzaileek. Kultur nahiz aisialdiko eragileak batu ditu, amaitzear den Elhuyarrek dinamizaturiko proiektu hau diseinatzeko parte hartze prozesuak.

Sortalde
Sortalde Usurbilgo energia komunitateak urteko batzar orokorra iragarri du ekainaren 19an kooperatibako kideentzat Artzabalgo ekitaldi aretoan. Deialdi bana egin da arratsaldeko 18:30etan, 19:00etan eta 19:30etan. Baina 19:00etan, bigarren deialdian batzarra hasteko moduan izango direla aurreikusi dute. Besteak beste, iazko balantzea, aurtengo plangintza eta aurrekontua aurkeztuko dituzte. Galdera eta eskaerentzako tartea ere egongo da. Batzarra amaitutakoan, mokadutxo bat egingo dute Artzabalgo tabernan.

Udajolas
Uztailaren 3tik 30era NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolaseko parte hartzaileen gurasoei zuzenduriko bilera egingo da ekainaren 18an. Arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan hasiko den bilkuran udaleku hauei buruzko argibideak emango dira.