Aitzaga K.E., 30 urte

Irulegira bisita gidatua larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 11a, 10:38

Aitzaga kultur elkarteak 30. urtemuga ekimemen baitan larunbatean Irulegira antolaturiko bisita gidaturako autobus zerbitzua iragarri du.


Irulegiko eskuari buruz maiatza amaieran Sutegin eginiko hitzaldiaren ondotik, Irulegira bertara bisita gidatua antolatu du 30 urte bete berri dituen Aitzaga kultur elkarteak, larunbaterako, ekainaren 15erako. Joan etorrirako autobus zerbitzua iragarri dute. Izena aurrez eman beharko da Aitzagan. Goizpasaren ostean, gauerako kontzertuak iragarri ditu Aitzaga tabernak.

Aitzaga K.E.-k 30 urte
Ekainak 15, larunbata
8:15
Irulegira irteera Oiardo kiroldegitik autobusez. Joan etorria eta bisita gidatuaren prezioa: helduek 25 euro, haurrek 15 euro.
14:30 Itzulera.
Zehaztasunak: “Bertan Irulegiko aztarnategiaren bisita gidatu bat izango da. Goizean abiatu eta eguerdi bueltarako izango da itzulera”.
Izen-ematea: aurrez Aitzagan.


21:00 Folkcore V. Asamblea+Electropapo ta ondoren Bigiliya Aitzaga aurrean Aitzaga tabernak antolatuta.


Antolatzailea: Aitzaga kultur elkartea.




Eskertza
"Astelehen" gozoa utzi die zalantza izpirik gabe 30. urtemuga jaialdiak Aitzaga Kultur Elkarteko kideei. Ekainaren 1eko ospakizun egun handiaren ondotik, honako mezu hau helarazi nahi izan dute. "Eskerrak eman nahi dizkizuegu Aitzagaren 30. urteurren jaialdia aurrera ateratzen lagundu zenuten guztioi eta bertaratu zinenetoi! Zuek gabe Aitzaga ez litzateke egun dena izango. Eskerrik asko Usurbil!".  

Zea Mays, Olaia Intziarte eta Delirium Tremensen eskutik bizitako kontzertu gau jendetsua, DJ Jotatxok amaiera eman ziona, Fanfarrikant Brass Banden kalejira bizia, 300 lagun baino gehiago batu zituen herri bazkari jendetsua Askatasuna plazan... Jaialdi handia bizi izan zuen larunbatean herri honek.

Dokumentala sarean
Egunari urtemugako hasiera ekitaldiarekin ekin zioten. Bertan, errezitatuz eta abestuz omendu zuten 30 urte betetako herriko elkartea. Horrekin batera, Aitzaga oroitu, omentzeko tartea hartu zuten. Izan ere, belaunaldi ezberdinetako Aitzaga kide ezberdinen ahotik, hiru hamarkada hauen ibilbideko hainbat mugarri, bizipen, une gogor eta gozoak gogoratu zituzten, hitzordu hartan proiektaturiko ikus-entzunezkoan.

Aitzaga elkarteko kideek aditzera eman dutenez, sarean zintzilikatu dute jada ordu laurden pasatxoko dokumentala. "Usurbilgo ezkertiar eta abertzaleek osatzen duten komunitatearen etxea da Aitzaga, herrigintzan dabilen edonorentzat topagune eta babesleku. Dokumental hau 30. urteurrenaren harira egindakoa duzue", dio ikus-entzunezkoaren aurkezpen testuak. Albiste honi atxikitako bideoa duzue hain zuzen, Youtubeko Usurbilgo Sorturen kanalera igo dutena.

Jaialdia igaro da bai, baina oraindik 30. urtemugari lotutako hitzordurik badu Aitzaga kultur Elkarteak; iragan maiatzean Irulegiko eskuari buruz eginiko hitzaldiaren harira, hango aztarnategira bisita gidatua antolatu dute.