Usurbil herri zaintzailea

"Gure herriak prestatu behar ditugu zaintzaren erronkari erantzun nahi badiogu"

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 11a, 14:44

Usurbil azken urteotan zaintza eredua eraldatzeko egiten ari den bidearen baitan daude, herri zaintzaileago baten bidean, Udalak eta hainbat eragileek egunotan aurkeztu dituzten ekimenak; "Usurbil, Goazen Kalera", Jai Zaintzaileak eta Merkatari Zaintzaileak.

"Argi dugu gure herriak prestatu behar ditugula zaintzaren erronka horri erantzun nahi badiogu", Agurtzane Solaberrieta alkatearen esanetan. Erronka horri misio bat erantsi diote Udaletik; 2030. urterako, "norbere bizitza proiektuari erantzungo dion zaintza eredu integral eta duina lortzea, erantzukidetasuna, eragileen arteko lankidetza eta zaintza langileen profesionalizazioa eta duintasuna ardatz izango duena". Horretarako, gizartea zahartzen eta zaintza beharrak areagotzen doazen garai honetan, zaintzari dimentsio guztietatik, ertz guztietatik helduko dion "herri zaintzaile bat eraikitzea" beharrezkotzat jotzen du Usurbilgo alkateak. Horretan dihardu herri honek, "urteak daramatzagu Usurbilen zaintzak eraldatu nahian".

Bide-orri bat landu dute zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko lanketan murgilduak dauden herrikide eta eragileek. Aipatu 2030. urtera begirako misioa garatzeko zenbait helburu zehatz finkatu dituzte, inplementatzen doazen bide-orri horretan. Nagusiki, "zaintzak zeharlerrotasunez lantzen" ari dira, "ikuspegi sistemikoz lantzen". Horren islada du herri zaintzaileagoa izateko bidean, egunotan aurkezturiko ekimenak ikusgarri egingo dituen irudiarekin eta leloarekin islatu nahi dutena. "Pertsonak, herria eta ingurumena zaintzen duen herri bat izatea Usurbil, alegia herri zaintzaile bat".

Pertsona bat, bizi-plan bat
Lan-ildoetako batek "pertsona bat, bizi-plan bat" du xede nagusi. "Zaintzak areagotzen eta denboran luzatzen ari dira", gogorarazi zuen alkateak. Horregatik, "garrantzitsua da, iraupen luzeko zainketa horien zaintza prozesu horietan dauden pertsonei beraien bizitzari zentzua ematen jarraitu ahal izatea, pertsona horietan bizi hausturarik ez eragitea eta nola ez, pertsona horiei bizitza duinak eta bizigarriak bermatu ahal izatea". Xede hori lukete bizi-plan horiek.

"Horrek eskatzen digu, zaintzei zerbitzuen integraltasunetik heltzea, zerbitzu guztien koordinazioa, artikulazioa eta lana sistematizatuko lukeen egitura bat sortzea", egun, "nahiko osatua" dutena. Lan talde ezberdinak martxan daude. 

Zaintza langileen integrazio komunitarioa
Beste lan-ildoetako bat "zaintza langileak duintzea, ahalduntzea da eta langile horien integrazio komunitarioa bermatzea. Izan ere, gure premisa argia da; denok dugu zainduak izateko eskubidea baina ez pertsona baten eskubideen kaltetan". Horrekin batera, garrantzitsutzat jotzen dute, zaintza komunitarioa egituratzea. "Guretzat Usurbil herri bizia da, elkartegintza dinamikoa du, eta lanean ari gara herriko eragileek zaintzaren betaurrekoak jantzi ditzaten". Hor kokatu zituen alkateak, agerraldi berean aurkezturiko jai eta merkataritza zaintzaileen egitasmoak. "Denek festez gozatzeko eskubidea dugunez, festa inklusiboagoak bihurtzeko egin den lana" nabarmendu zuen.

Adibide bezala jarri zuen festena, "komunitateak asko eman dezakeela" azaltzeko. Hain justu, zaintza, ongizatea eta komunitatea "erabat elkar lotuta dauden hiru kontzeptu dira. Hiru kontzeptu horiek elkar eragiten, ekinean jarri nahi ditugum, ulertzen dugulako pertsona bat komunitate bateko kide eta parte sentitzen bada, pertsona horren ongizatean, bizi-kalitatean eragina izango duela. Beraz, ikuspegi horretatik jardun nahi dugu ere hurrengo hilabete luzeetan". 

8-80 herria
8-80 herria eratu nahi dute. "Kontzeptu horren atzean dagoen filosofia da, 8 eta 80 urteko pertsona bat kalean modu seguruan, autonomoan, erosoan ibili badaiteke, edozein adinetako pertsonak ibili daitezkeela ere kalean" modu berean. Hori hala izango dela bermatzeko, "eskatzen digu irisgarritasun unibertsala oso presente egotea, mugikortasun jasangarria sustatzea, auto pribatuaren erabilera gutxitu eta oinezkoei lehentasuna ematea…".