Orain arte bezala, aurrerantzean ere zaintza lanetan segiko duen herri merkataritzaren sare hori "ongizatea eta autonomia bermatzeko ekintzak egiten dituzten" dendariek eta herrian erosten dutenek osatzen dute. Herri merkataritza bizirik eusten ahalegintzeaz gain, Usurbil herri zaintzaileago bat izateko lanean diharduen sektoreak egiten duen ekarpena nabarmendu zuen udaleko zaintza ekosistemaren koordinatzaile Maider Irisarrik, egitasmo honen Potxoeneko aurkezpenean. "Konfiantzazko harremana sortzen laguntzen dute. Haien bezeroak oso ondo ezagutzen dituzte eta harremantzeko guneak sortzen dituzte. Horien bitartez, pertsonen bakardadea saihesten laguntzen dute, autonomia mantentzen laguntzeko eguneroko erosketak egiten laguntzen diete. Horrez gain, egoera zaurgarriak detektatzen dituzte, beti daudelako haien ingurunean gertatzen diren egoera horiekiko erne".
"Elkar laguntzeko gaude"
Usurbilgo merkataritza sektoreko ordezkarietako bat zegoen Potxoeneko agerraldiko mahaian; Ane Loidi. Ildo beretik mintzatu zen. Lerrootan aipaturiko "lanketa hori egiten dugu. Pertsona bat geure establezimenduetan sartzen denean, gehienetan ezaguna, etxean sentitzea nahi genuke. Saiatzen gara bezeroa zaintzen, behar duena ematen". Egitasmo honek ekarriko dien saretzearekin uste dute "denontzako izango dela onuragarria. Elkar laguntzeko gaude".
Beraz, merkataritzaren sektoretik herri zaintzaileago bat egiten dihardute dendariek eta haiek ere egitasmo honen ezinbesteko partaide izaten segiko dute aurrerantzean, baita bezero diren herrikideek ere. "Herrian erosten duten pertsona orori zuzendua dago. Zaintza beharrak ez du soilik adinarekin zerikusia, agian bizitzen ari zaren unearekin izan dezake zerikusia".
Isilpeko lana ikusgarri
Merkatariek berez egiten duten isileko lana baloratu eta ikusgarri egiteko merkatari zaintzailearen marka sortu dute; sare honetara batuko diren establezimenduek modu ikusgarrian jarria izango duten eta merkatari zaintzaile gisa identifikatuko dituen pegatina hain zuzen. Eskuorriak ere banatuko dituzte, xede batekin; toki seguruan, konfiantzazkoan egon eta bertan zainduak izango garela sentiarazteko eta "herri zaintzaile horren parte denok garela" interpelatzeko.
"Gu ere prest gaude pegatina horiek jartzeko", adierazi zuen Loidik Potxoeneko agerraldian, eta, modu horretan, "prest gaude laguntzeko" iragarri zuen.