Usurbil herri zaintzailea

Ekimen berriak, herri zaintzaileagoa izateko

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 11a, 15:28

Usurbil herri zaintzaileagoa izateko hiru ekimen aurkeztu ditu egunotan Udalak herri eragile gehiagorekin lankidetzan: martxan den "Usurbilen, goazen kalera" dinamika, jai zaintzaileen eta merkatari zaintzaileen egitasmoak.

 

Batetik, covid19ak eragindako osasun krisialdiak eten eta apirilean indarberrituta itzuli zen "Usurbil, goazen kalera" ekimena dugu. Asteartero ordubeteko herri barruko paseoa eginez, ariketa fisikoa taldean egin eta belaunaldi arteko harremantzea sustatzen du. Lehen kaxkoan egiten zen, baina orain Usurbilgo herri eta auzoetara hedatu da, eredugarritzat jo zuten lankidetzaren, tokian tokiko ikastetxe eta jubilatu elkarteen eskutik. "Hurrengo ikasturtera begira jarraipena emango zaio", udaleko zaintza sistemako koordinatzaile Maider Irisarrik Potxoeneko agerraldian iragarri zuenez.

Jai zaintzaileak
Zaintza zeharlerroa duen egitasmoetako bat da hau, baina "ez bakarra". Usurbil herri zaintzailea zigilu horren baitan, beste bi egitasmo aurkeztu zituzten, hauek bai, estreinakoz. Batetik, ate joka ditugun herriko jaiak hartu zituzten ahotan. Izan ere, alkatearen esanetan, "ulertzen dugu festek adinik ez dutela izan behar, guztiok dugula gure egunerokotasunetik atera eta festez gozatzeko aukera eta eskubidea. Egitarauak ere horri erantzun behar dio". Horregatik, Jai Batzordetik "lan handia egin da". Festei buruzko xehetasunak, Usurbilgo jaiak aurkezteko datorren astelehenerako, ekainaren 17rako 18:00etan Mikel Laboa plazan iragarri duten agerraldian aurkeztuko dituzte.

Merkataritza zaintzailea
Horrez gain, agerraldi hau bereziki, merkataritzaren alorrean abiarazi duten zaintzari lotutako egitasmoa azaltzeko baliatu zuten sustatzaileek. Zaintza ekosistema berria eraikitzeko bere garaian osatu ziren lan taldeetako batean, komunitatea deiturikoan, "atera zen merkatari zaintzailearen ekimena", berri eman zuen Irisarrik Potxoeneko prentsaurrekoan. Bost emakumeek osaturiko lan talde horretako kideetako batek, Itziar Illarramendik adierazi zuen bi lan-ildori heltzea erabaki zutela; lehen aipatu moduan, herriko jaiei eta datozen lerrootan azalduko dizuegun herri merkataritzari lotutako egitasmoari. "Oso argi genuen zaintza lana beti egin dutela diskrezio osoarekin eta hala, sentitzen dugu, gainera, batez ere lan isila, ez baloratua", aitortu zien herri merkatariei Illarramendik. Izan ere, dendariei "entzumen aktiboa egitea" egokitu ohi zaie bezeroekin. 

Hori horrela izanik, "pentsatzen genuen hori dena zabaldu, konektatu eta herri mailako sare bat sortzea". Zaintza sare hau eraikitzeko, "gauza txiki eta sinpleenetatik abiatu beharra dago", azaldu zuen Illarramendik "eta merkataritza sarea iruditzen zaigu, garrantzitsua dela". Hori eraikitzeko "lan ugari dugu eta denbora dezente beharko dugu", baina "baikortasun hori badugu, eta kanpoan tinkotasuna beharko dugu". Sentsibilizazioa hedatu nahi dute, lankidetzatik urratsak ematen joan. "Ekimenaren helburua da, herritarren arteko zaintza eta erlazio sareak indartzea eta bultzatzea. Horren baitan ere pertsona zaurgarrien detekzioa eta artatzeko gizarte zerbitzuek komunikazio kanal bat zabaltzea, prebentzioari begira", azaldu zuen Irisarrik.