Adinekoei, baina baita haur eta nerabeei zuzendurikoa izango da bereziki herri zaintzaileagoa eraikitzea xede duen egitasmo hau. Izan ere, Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkartea ere batu da ekimen honetara. Bertan, lan talde bat dute gaztetxoen artean pantailen erabilera egokia sustatu eta hauek erabiltzen hasteko adina atzeratzeko jardunean ari dena, Altxa Burua mugimenduan bateratu diren Gipuzkoako beste 50 auzo eta herrietako taldeekin batera. Usurbilgo taldeak lau urte darama lanketa honetan, ikastolakoekin lankidetzan. Aurrerapausoak ematen ari direla berri eman zuen talde horretako kide Izaskun De Miguelek Potxoenean. "Lortu dugu talde batzuekin mugikorraren erabilera atzeratzea", adierazi zuen Potxoenean.
Ostegunean Gipuzkoa mailako Altxa Burua mugimenduaren hirugarren topaketa egingo dute eta hara joateko deia egin zuen. Halere, agerraldi honetan egoteko beste arrazoirik bazuten. Izan ere, Usurbil zaintzaileagoa izateko merkataritzaren sektorean sustatuko duten egitasmoaren baitan, herriko dendetara sartu eta telefonoa erabiltzea ahalbidetu nahi zaie hala behar duten gaztetxoei, beste zenbait herrietan egiten ari diren moduan.
Altxa Burua Gipuzkoa III. Topaketa
Eguna: ekainak 13, osteguna.
Ordua: 18:00-20:00.
Tokia: Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoa.
Zehaztasunak: "Hitz Aho Guraso taldean, pantailen erabilera egokia eta hauek seme-alabei ematea atzeratzea lantzen ari dira duela urte batzuetatik hona. Gaur egun, Gipuzkoako 50 herri eta hirietako auzoetako lantaldeak dabiltza proiektuan murgilduak eta III. topaketa honetan, alde batetik, talde bakoitzeko ordezkarien batzarra antolatu dute eta bestetik, "elkar-indartze eta aldarrikapen" saio bat izango da (talde-dinamika), herri bakoitzetik, usurbildarrak barne, nahi duenarentzat irekia. Familiak, gazteak, haurrak... gonbidatuak zaudete. Animatu!".
Antolatzaileak: Altxa Burua Gipuzkoa Elkartea eta Hitz Aho Guraso Elkartea.