Benantxio Otaegi Orbegozo zendu da, Usurbilgo apaiz ohia

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 12a, 13:21

Astelehenean, 81 urterekin zendu zen Benantxio Otaegi Orbegozo, hamarkada batez Usurbilen apaiza izandakoa. 

Benantxio Otaegi Orbegozo zendu da, 81 urterekin. Bere aldeko hileta elizkizuna Elgoibarko San Bartolome elizan egingo da gaur, ekainak 12, arratsaldeko 19:00etan. Udalerri honekin lotura estua izan zuen 70. hamarkadan. Izan ere, hamar urtez, herri honetako apaiza izan zen. Jardun horretan estreinakoz aritu zen udalerri honetan frankismo garaian, 1970. urtetik aurrera. Gerora, Arrasaten, Soraluzen edota Elgoibarren segi zuen apaiz gisa. Denbora gehien bertan, 29 urtez, 2022. urte hasieran erretiroa hartu zuen arte. Ordutik Donostiako Gotzaindegiaren seminarioan bizi izan da.

Uztarria hedabideak gogorarazi moduan, 1943an jaio zen Benantxio Azpeitian. "10 urte zituela seminarioan sartu zen. Sei urtez jardun zuen han ikasten, Batxilergoa bukatu arte. Ondoren, Tuteran (Nafarroa) ikasten jarraitu, eta gero, Donostiako seminarioan sartu zen". 

Apaiza izateaz gain, idazlea ere bazen Otaegi. Bere sorterriko tokiko hedabideak gogorarazi moduan, "Lehen gizarteak" antropologia liburua argitaratu zuen Gero argitaletxearekin 1971. urtean, Usurbilen apaiz lanetan zebilen garaian honenbestez.

Futbol taldearen sortzailea
Gazteriarekiko kezka nabarmena agertu zuen eta gazteriarekin erabat konprometitua zegoen. Horren erakusle, bera izan zen, Antxon Aguaron eta Jose Gomez Salazarrekin batera Usurbil Futbol Taldea sortu zuena 1976. urtean. “Zaintza, osasun eta hezkuntza eskola izan zen”, oroitu zigun Otaegik 2007. urtean futbol klubak eginiko omenaldiaren harira NOAUA!ri hiru sortzaileok, tartean, Benantxiok berak eskainitako elkarrizketan. Izan ere, duela 17 urte hedabide honek jaso bezala, "urte latzen hasiera zen, droga mendekotasun kontuei zegokienean. Arazo latz hari aurre egin beharra ikusi zuten, eta alternatiben artean, onena kirola egitea izan zitekeela ondorioztatu zuten". 

Horren erakusle, gerora, askok eskertu zietela haiek egindako lana, baina oso modu berezian gogoratzen zuten elkarrizketa hartan, futbol taldeko kide bat hurbildu zitzaieneko unea. “Hemen urte askoan ibili zen mutil batek esan zidan, Antxon eskerrak eman behar dizkizut. Zuri esker ez baitut droga mendekotasunik. Hori barruraino iritsi zitzaidan”, adierazi zigun Aguaronek.

Garaiko 18.000 pezetako lehen aurrekontuarekin, futbol zelai propiorik gabe, lehebizi Zarauzko plaieroetan, gerora, Michelinen, Zumaian, Orion, Loiolan... hasi zuten haien jarduna, 80. hamarkada hasieran Harane zabaldu arte. 2007an NOAUA!ri eskainitako elkarrizketa osorik irakur dezakezue esteka honetan: "Haranen oroitzapenak berritzen". Elkarrizketa hau argitaratu zen urte hartan, estreinakoz lehenengo Garagardo Azoka antolatu zuen Usurbil F.T.-k frontoian. Hitzordu hartan, baten baino gehiagoren artean, harridura eragin zuen kaleratu zuten "Benantxio 28" kamisetak. Argi denez, Otaegik eginiko ekarpena eskertu nahi izan zuten.