Benantxio Otaegiren arrasto luzea

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 12a, 13:11

Argazkiaren erdian, Benantxio. Alboan ditu Jose Gomez Salazar eta Antxon Aguaron.

Benantxio Otaegi 70eko hamarkadan iritsi zen Salbatore elizara eta 10 urtez aritu zen parroko gisa. Bizitza sozialean ere asko inplikatu zen. Usurbilgo Lanbide Eskola, Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea eta Usurbil Futbol Taldea jarri zituen martxan. Atera kontuak.

Usurbilgo Lanbide Eskola 1975. urtean sortu zen. Orain Zubietako lurretan da baina eskolaren lehen egoitza Aginagakoa izan zen. "Garai batean fraileak bizi izan ziren geletan ematen zituzten eskolak, gaur egun zaharren egoitza eta taberna dauden lekuan. Klaseak tabernako barraren ondoan ematen ziren", Lanbide Eskolaren agiri batean irakurri dugunez.

Aginagako gelak ordea, ez zeuden egoera onean. "Itogin asko zeuden eta baldintzak ez ziren batere onak". Gainera, soilik FP1 zena eskaintzen zen. Bi ikasturte egin zituzten Aginagan. "Lehenengo urtean, eskolak ez zuen bere entitate propioa. Klaseak emateko baimena bazegoen baina tituluak emateko ez. Tituluan, Donostian ikasi zutela jartzen zuen. Bigarren urtean baimena lortu zuten". Lanbide Eskolak 2018an argitara eman zuen aldizkari batean jasoak datoz datu hauek denak.

Zubietako egoitza eraikitzeko, Usurbilgo Udalak asko lagundu zuen, "lurrak emanez. Inplikatuena Felix Aizpurua zinegotzia izan zen, baita Usurbilgo apaiza ere, Benantxio Otaegi. Udarregi ikastolak eta bertako zuzendaritza taldeak ere (Antton Zubiaurrek, esaterako) laguntza handia eman zuten, batez ere ikasleak bideratzeko, hauek ez baitzuten beste aukerarik, lanera joan edo Donostiara joan behar zirelako ikastera". Pepe Fernandezek telefono bidez aditzera eman berri digunez, "Usurbilgo Lanbide Eskolako sortzailea ez ezik, bertako irakasle ere izan zen Benantxio".

 

Usurbil FT: "Eskerrik asko, Benantxio"

Usurbilen egin zituen urteetan, lan asko egin zuen elizatik kanpo. Lanbide Eskolaz gain, Usurbil Futbol Taldea sortu zuen Jose Gomez Salazar eta Antxon Aguaronekin batera (argazkian dira hirurak). Usurbil FT taldeak hain zuzen, mezu hau zabaldu zuen atzo Instagram sare sozialaren bitartez: "Astelehenean hil zen Benantxio Otaegi, Usurbil FT-ko hiru sortzaileetako bat. UFT-k zure ekimena eskertzen du eta harro lan egingo du zure ondarearen alde. Eskerrik asko, Benantxio!".

 

Patxi Arruti: "Goxoa zen tratuan"

Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak ere asko zor dio Benantxiori. Patxi Arrutirekin harremanetan jarri gara eta berak eman dizkigu ondoko azalpenak. "Odol Emaileen Elkartea 1974. urtean jaio zen". Sorrera hartan, besteak beste, Errekondo ahizpak, Zendoiako Mertxe Aizpuruak eta Benantxio Otaegik berak parte hartu zuten. "1975ean, Benantxiok elkartean sartzeko proposamena egin zidan". Ordurako, odol emaileetako bat zen Patxi. "Urtebeterako sartu nintzen, 1976an soldaduskara joan behar nuelako, baina azkenean 36 urte egin nituen elkartean". Elizakoak baino, odol emaileen elkarteko oroitzapenak ditu gogoan Arrutik. Tratuan "goxoa" zela esan digu eta hala gogoratzen du.

 

Arantxa Manterola: "Abertzalea, euskaltzalea eta gazteriaz oso arduratua"

Frankismoaren azken urteetan izan zen Usurbilen. Arantxa Manterolaren esanetan, "garaiko belaunaldi gazteek gogoan izango dute". Abertzalea, euskaltzalea eta gazteriaz oso arduratua, hala oroitzen du Manterolak. "Eliza katoliko itxi, espainolista-frankista eta kontrolatzaileari, oinarri kristauetatik aurre egin zioten apaiz gazteen belaunaldikoa zen".