Duintasuna Sutegin bildu da

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 13a, 11:17

Goizeko 10:00etan Sutegin batu da Duintasuna, Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkartea. Bilkura orokorra egiten ari dira.

Bilkura eguna gaur Usurbilen. Ostegun goiz parte honetan, Duintasuna elkarteak batzen dituen Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen batzar orokorra egiten ari dira Sutegiko auditorioan. Hamaika gai hartzekoak dituzte ahotan. Izan ere, hainbat erronka dituzte eskuartean; horietako bat, eskualdez eskualde egun duten ordezkaritza areagotzea, bazkidetza indartzea alegia. Gaurko bilkuran hain zuzen, Donostialdea, Oarsoaldea, Tolosaldea, Goierri, Debagoiena, Debabarrena edota Urola Kosta taldeko hainbat ordezkari batu dira ostegun honetan kultur-etxeko auditorioan.

Bazkidetzaz gain, egoera ekonomikoa ere ahotan hartzekoa dute. Horrekin batera, batzorde iraunkor berria ere aurkeztekoak dira; "eskualde bakoitzak aukeratua, informazioa behetik gora eta goitik behera joan dadin".

Aspaldi bildu gabe zirela aipatu dute gaurko batzar orokorraren hasieran eta horixe da hain zuzen indartu asmo dutena. Horri lotutako proposamena ere jorratzekoa da Duintasuna gaurko Sutegiko hitzorduan; sei hilero, eskualde bakoitzean asanbladak egitea alegia.

Hego Euskal Herriko mugimenduan
Gaur Geroaz ere hitz egitekoak dira bilkura honetan. 2012an sortu zuten Duintasuna; dozena bat urteko ibilbidea osatu dute dagoeneko. Bilgunea eratu eta abiarazi ostean, 2019an beste urrats bat eman zuten; Gaur Geroa Euskal Herriko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkartean integratu ziren, Hego Euskal Herriko gainerako beste hainbat eragilerekin batera; Bizkaia eta Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Arabako Pentsionistak Lanean elkarteekin batera hain zuzen. "Gure xedea erretiratuen eta pentsiodunen bizi-baldintzak hobetzea da, pentsioetan bai mendekotasunean", diote Hego Euskal Herriko mugimendu honen gaurgeroa.eus ataritik.

Inflexio puntu gisa aurkeztu du Duintasunak gaurko Sutegiko bilkura, etorkizuna indartze bide gisa planteatu du. Goizeko Sutegiko bilkura, Artzabalen bazkari baten bueltan borobilduko dute.