Ibilgailuen joan etorriei lotutako pare bat ohar segidan. Igandean, ekainaren 16an, 4. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa egingo da Usurbilen. Goizeko 9:00etan hasiko den ekimena frontoitik abiatuko da eta Zubiaurreneatik barrena Bizkarre aldera joko dute, handik Santuenea aldera. Gero, Andatzako itzulia osatuko dute lasterkariek, beste talde batek Uxue Paseoan parte hartuko du eta oinez abiatuko dira herrian barrena.
Hitzordu hau tarteko, ohi bezala, gorabeherak izango dira ibilgailuen joan etorriari dagokionean; aldaketak trafikoan. Hasteko, igande goizeko 8:30etan, lasterketa hasi baino 30 minutu lehenago itxi egingo dute Oxtapeko sarbidea ibilgailuentzat eta hala, itxita mantenduko dute arratsaldeko 14:00ak arte. Honenbestez, halakoetan egiten den moduan, Aginaga alderako autobus zerbitzuak ezingo dira Kale Nagusitik igaro, ezta udaletxe ondoko geltokian geratu. San Inazioko biribilgune ondoko geltokia, Donostia alderako autobusa hartzeko baliatzen den leku horretan egingo dute geldialdia. Udaltzaingotik ibilgailuen sarrera eta irteera ere San Inazio aldetik egitea eskatu du. Ordu tarte berean, bestalde, Santuenetik Zubietara joateko bidea itxita egongo da, Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez.
Gogoan, hilaren 16ko mendi lasterketa solidarioan izen-emateko azken egunak dituzue honako hauek:
Eguna: ekainak 16, igandea.
Ordua: 9:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Lasterketa motak:
-Uxue Trail Luzea (20 kilometro): 25 euro.
-Uxue Trail Motza (11,5 kilometro): 15 euro.
-Uxue Paseoa (5,5 kilometro): 12 euro.
-Dortsal solidarioa (donazioa).
Oharra: oparien zozketa lasterketa amaieran, parte hartzaileen artean.
Izen-ematea eta informazio gehiago hemen: rockthesport.com
Phelan-McDermid sindromeari buruzko informazio gehiago hemen: 22q13.org.es
Izen-emateko epea: ekainaren 14ko gaueko 22:00ak arte (egunean bertan, izen-ematea 5 euro garestiago).
N634 errepidea itxita
Usurbilgo tren geltoki berriko lanen ondorioz, ingurua nabarmen itxuraldatu da azken aldian; are gehiago, egunotan. Izan ere, kaxkoa, tren geltokia eta Santuenea arteko komunikazio bide nagusia izan dena, maiatzaren 27an itxi zuten Etxealdiako zubia eraisten hasi ziren astearte gauean.
Hain zuzen, Etxealdia, tren geltokia eta Atallu lotuko dituen zubi berri bat eraikitzekoak dira, trenbidea gainetik zeharkatu eta, honenbestez, orain arte zegoen pasabide arriskutsua ezabatuko duena. Zubia eta tren geltoki berriaren arteko joan etorria igogailu eta eskilara bidez egin ahalko da etorkizunean.
Zubi berri hau egungoa baino altuagoa izango da gainera. Baina horretarako, orain arte baliatu ahal izan dena eraitsi beharra dago. Hori da hain zuzen, egunotan egingo dutena.
Errepidearen itxiera
Lan hauen ondorioz, azken bi egunotan bezala, gaur gaueko 22:00etan hasi eta goizaldeko 6:00ak arte itxi egingo dute N634 errepidea San Inazio paretik Oxtaperaino, Txaramuntoko pasabide alternatiboa eraiki zutenean egin bezalaxe. Ordu tarte horretan, beraz, ibilgailuen joan etorria herri barrutik bideratuko da.
Aginaga aldetik datozenek nahiz Kaxko inguruan bizi eta Donostia aldera doazenek San Inazio parean irten beharko dute N634 errepidetik, herri barrura sartu eta handik gero Bizkarretik berriz errepide berean sartu ahalko dira. Usurbil aldera datozenek, Troia aldetik nahiz Oxtapetik herri barrura sartu eta San Inazio parean itzuli ahalko dira berriz N634 errepidera, Aginagarantz joateko.
Goiko mapan ikus dezakezuen moduan, morez itxiko dute errepide zatia, urdinez Donostia alderantz jotzeko non irten beharko den N634 errepidetik eta herri barrutik egin beharko den bidea. Azkenik, gorriz nabarmendua duzue, Oxtapetik San Inaziora joateko nondik igaro ahalko garen.
“Aurrekoan bezala, udalak oraingoan ere eskatu die langile bat jar dezatela ibilgailu handiak kaxkora ez bideratzeko, trabatuta gelditzeko arriskua saihestuz”, ohartarazi dute Udaletik.
Oinezkoentzako pasabidea Txaramuntotik
Gogoan izan, Etxealdiako zubia maiatzaren 27az geroztik itxita dagoela. Haren ordez, Txaramunto paretik pasabide alternatiboa duzue tren geltoki aldera joateko edo herri erdigunerantz igotzeko. Etxealdiakoaren antzera, eskilarak nahiz pasabide laua ditu N634 errepidea gainetik zeharkatuko duen behin-behineko zubi honek. Bizikletekin eta patineteekin doazenek, gainerakoen antzera, oinez zeharkatu beharko dute pasabide alternatibo hau. Hamar bat hilabetez erabili beharko da zubi hau.