650 Usurbil Bizi

Bisiten eskaintza berritu eta zabalduko du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 14a, 11:14

650 Usurbil Bizi herri egitasmoa martxa ezinhobean doa. Balantze ezin gozoagoa plazaratu dute egunotan sustatzaileek. Horrez gain, aurrera begirako eskaintza berritu eta indartu dute. 

"Usurbilen, egun, martxan ditugun proiektu sozial eraldatzaileak ezagutzeko aukera eman nahi dugu hemendik aurrera", iragarri du Ines Azpiazu 650 Usurbil Bizi egitasmoaren dinamizatzaileak, "zinez uste dugulako eskaintza erakargarria dela beste zerbait bilatzen duen bisitariarentzat edo bestelako mundu bat eraiki nahi duen ororentzat".

Ildo horretan, gogorarazi duenez, "Usurbilgo ondarea denetarikoa eta aberatsa da. Historia, kultura, industria, natura, iraganak utzi dizkigun altxorrak ugariak dira. Herritarrek zein bisitariek eskaintza zabalaz gozatu dezakete, gozatuz ikasteko eta ikasiz gozatzeko. Hori guztia erakutsi nahi dugu".

Andatzako eta elizako ondarea
Dakizuenez hamalau atal, hamalau Usurbil desberdintzen ditu herri honen identitate, balore, ondare eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako herri egitasmo honek. Horietako bat, Ondarearen Usurbil da; izenak dioen moduan, herri honen ondare aberatsa biltzen duena. "Ondare hau zaindu, errespetatu eta balorean jartzea da udal honen xede nagusietako bat eta horrela jaso da ere 650 Usurbil Bizi proiektuaren barruan", Azpiazuren esanetan.

Eta jaso bezala erakutsi nahi da. Izan ere, "ezinbestekoa da herrian zer dugun ezagutzea, gure historian arakatzea, herri honek arlo ugaritan egin duen ibilbidea ezagutzea eta gaur garen honetara ere nola iritsi garen jakitea. Gainera, zer garen jakitea nora joan nahi dugun jakin ahal izateko ere".

Kasu honetan, Andatzan Usurbil 1936 elkarteak berriki berreskuratutako gerra garaiko lubakiak eta monumentu megalitikoak bisita ditzake nork bere kabuz. Elizan, ehun urtetik gorako organoa, erlojua eta kanpandorrea. 

Txirikorda eta Egurtzegi
Zaintzaren Usurbil da 650 Usurbil Bizi proiektuaren beste ataletako bat. Kasu honetan, "urteak daramagu Usurbilen pertsonak ardatz dituen zaintza eredu berri bat osatzen. Proiektu aitzindari eta eradaltzailea ari gara gorpuzten. Lanketa kolektiboa izaten ari da eta asko eta asko izan dira urtean zehar, gurera hurbildu direnak proiektu hauek ezagutzera". Orain arteko bisita instituzionalak, aurrerantzean irekiak izango dira eta horien baitan, Ugartondoko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa eta Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunea ezagutu ahalko dira.

Hondakinen kudeaketa eredua
Zaintzaren alorrean bezala, hondakinen kudeaketa ereduan ere aitzindaria da Usurbil. "Dagoeneko asko eta asko etorri da herri honetara zer eta nola egiten ari garen ikusteko eta orain aukera hori herritarrei eta bisitariei ere eskainiko zaie". Gogoan izan; egun, Usurbilek %87ko gaikako bilketa du, baita Europa mailako lau izardun Zero Zabor Ziurtagiria ere.

Usurbil Museo Irekia
Orain arte bezala, aurrerantzean ere herriko kaleetako sorkuntza ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen segiko dute 650 Usurbil BIzi herri egitasmoaren sustatzaileek. Halere, tarteka, orain arte bezala, osagai berriak txertatzen segiko dute; Chillida Leku museora edota Zumeta Arte Estudiora bisita gidatuak esaterako, Usurbilgo kaleetako bira egin ostean.

Memoria historikoa
650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren beste ataletako bat, Memoria Historikoaren Usurbil da. Udalak eta Usurbil 1936 elkarteak, herri honen oroimen historikoa berreskuratzeko, 1936ko gerrak "Usurbil eta usurbildarrak nola kolpatu zituen ikertu eta ezagutzera emateko lan ikaragarria egin dute".

Lan-ildo ezberdinak dituzte. Horietako baten baitan, Andatzako lubakiak berreskuratu dituzte. Apirilean eginiko bisita gidatu eta antzeztuaren bidez erakutsi zituzten. Ibilaldi gidatua ere egin dezake norberak bertan. Adi, irailetik aurrera, "herrigunean zehar ere gai honekin lotura duten bisita gidatuak eskainiko dira". Estreinakoz, UEU-ren 52. udako ikastaroen baitan, ekainaren 20an eta 21ean Artzabalen egingo den "gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" Jakin Jardunaldiaren baitan eskainiko da lehenengo aldiz. 


Bisita gidatuen eskaintza
Ondarearen Usurbil
Andatza:
-Errotarrien bidea: monumentu megalitikoak bisitatzeko aukera.
-Oroimen bidea: Usurbil 1936 elkarteak berreskuraturiko lubakiak.
Bisita: nork bere kabuz egiteko aukera. Ibilbidea seinaleztatua dago panelen bidez. Panel horietan, QR bidez informazio gehiago eskura daiteke. 

Salbatore eliza:
Berriki Udalak eta elizak sinaturiko lankidetza hitzarmenari esker, eliza bera, kanpandorrea, bisita gidatu berezien 1907an Parisko Cavaillé-Coll lantegietan eraikitako organoa (Joan Luis Atxega organojolearen erakustaldiak ere izango dira) edota Benito Yeregi Goldarazenak egin eta 1912az geroztik bertan den erlojua bisitatu ahalko dira.


Zaintzaren Usurbil
Ekainak 28, ostirala, 10:00:
-Txirikorda, Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa.
-Egurtzegi, Kalezarko zaintzadun etxebizizitzen auzunea.

Zero Zabor Usurbil
Ekainak 27, osteguna:
-Usurbilgo hondakinen kudeaketa eredua.

Usurbil Museo Irekia
-Usurbilgo kaleetako sorkuntza ezagutzeko bisita gidatuak.
-Herriko kaleetako sorkuntza ezagutzearekin batera, bisita berezi bana Chillida Lekura ekainaren 23an eta Zumeta Arte Estudiora uztailaren 7an.

Oroimen historikoaren Usurbil
-Andatzako Oroimenaren Bideaz gain, irailetik aurrera, oroimen historikoari lotutako bisita gidatuak herrian zehar. 

Erreserbak eta bisita hauen egutegia 650usurbilbizi.eus atarian.
Oharra: bisita pribatuak, talde bisitak eskatzeko aukera ere bada turismoa@650usurbilbizi.eus helbidera idatzita.