650 Usurbil Bizi

"Lehen urte honen balorazioa ezinhobea da"

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 14a, 11:01

650 Usurbil Bizi herri egitasmoak orain arte egin duen ibilbidearen balantzea plazaratu dute sustatzaileek. Nabarmentzeko moduko lehenengo datuak eskaini dituzte. 

"Dakizuenez, 2022ko urrian aurkeztu genuen 650 Usurbil Bizi proiektua, Usurbilek dituen identitate, balore, ondare eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza bat proposatzen duena. Eskaintza hori egin nahi dugu Usurbildik Euskal Herrira eta Euskal Herritik kanpoko edonori ere", adierazi du, Iratxe Begiristain udal zinegotziak, balantze honen berri ematerakoan. 

Horretan dabiltza eta horren erakusle da, azkeneko bi urteotako jarduna. Izan ere, orain arte "nagusiki Usurbilek euskal kulturarekin eta artearekin izan duen eta duen harremana erakutsi nahi izan dugu Usurbil Museo Irekia bisiten eta Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urtemugaren inguruan antolatutako egitarauaren bidez. Egitarau hau mardula izan da oso, era guztietako ekimenak antolatu dira eta izan ditugun bisita kopurua ere oso handia izan da". Horren islada argia aurki dezakegu azkeneko urtebetean, Zumetaren muralaren 50. urtemugaren harira Sutegin egindako erakusketa jendetsuak.

700 bisitari
Horrez gain, "era desberdinetako bisita gidatuak ere eskaini dira: muralari egindako kontserbazio lanekin lotutakoak, erakusketekin lotutakoak, Xumetik herri jaialdian antolatutakoa, Zumeta Arte Estudioarekin lotutakoa edota Chillida Lekurekin antolatutakoak". Talde bisita gehiago ere egin dira.  Guztira, Usurbil Museo Irekia bisita gidatuetara "700 pertsona inguru gerturatu dira", berri eman du Begiristainek. Bistan denez, "lehen urte honen balorazioa ezinhobea da". Harrera bikaina izan du sustatzaileen esanetan, herrian bertan nahiz kanpotik etorritakoen artean. "Nagusiki, bisitetara gerturatu direnak gipuzkoarrak izan diren arren, Nafarroatik eta Bizkaitik ere etorri dira".


Aplikazioa

Hori, bisita gidatu antolatuei dagozkien datuak. Baina horrez gain, gogoan izan, aurten martxan jarritako 650 Usurbil Bizi aplikazioa ere balia dezakeela norberak bere kabuz Usurbil Museo Irekiko bisita egiteko, "baita herriko beste puntu interesgarri batzuk ezagutzeko ere". Aplikazioaz gain, "etengabeko hobekuntzetan duten" 650usurbilbizi.eus ataria ere hor dago. baita, aurrera begira, martxan jarriko duten eskaintza berritu eta indartua ahalbidetu duten herri eragile ezberdinekin sinaturiko lankidetza hitzarmenak ere. 

"Elkarlan horrek egiten du posible 650 Usurbil Bizi proiektua eta honi esker ari gara eskaintza osatzen, gorpuzten eta erakusgai jartzen", Begiristainen esanetan. Gogorarazi duenez, "ohiko eskaintza turistikotik bereiziko den zerbait bilatzen duen bisitarientzat eginiko eskaintza da gurea, eskaintza berritu honetan ikusiko duzuen bezala".  Izan ere, "uste dugu turismoa ere mundu hobe baten aldeko tresna eraldatzailea izan daitekeela. Are gehiago, uste dugu beharrezkoa dela eredu berriak sortzea eta eraikitzea. Justizia sozialean, naturarekiko errespetuan, kultur eta identitate aniztasunean eta gutxiengoen errespetuan oinarritutako mundua nahi dugu".

Argi diotenez, "turismoak albo-kalte eta zalantza ugari sortzen ditu, baina sinistuta gaude baloreak zabaltzeko, gauzak egiteko modu berritzaileak erakusteko eta gizarte eredu berri bat proiektatzeko erakusleiho ere izan daitekeela".


650 Usurbil Bizi, balantzea zenbakitan
-3.000 lagun Zumetaren muralaren 50. urtemugako Sutegiko erakusketetan. 
-700 lagun inguru Usurbil Museo Irekia bisita gidatuetan:
60 bisita gidatu eta horietan 468 bisitari.
213 lagun talde bisitetan.
-Bisitarien profila: adin tarte guztietakoak, nagusiki gipuzkoarrak, baina Bizkaia eta Nafarroako bisitariak ere etorri dira.
-Bisitak nork bere kabuz egiteko 650 Usurbil Bizi aplikazioa martxan urte honetatik.
Informazio gehiago, 650usurbilbizi.eus atarian.