2010ean Atzegik eta Gureak abiarazitakoa da Pauso Berriak egitasmoa. "Bere xedea adimen desgaitasuna duten pertsonak euren garapen pertsonal eta soziala ahalbidetuko duten lanpostuetan txertatzea da. Hala, ageriko eredu positibo eta sozialki eraldatzaileak sortzeko eta merkatu arruntean lanbideratze osoa lortzeko".
Programa honekin bat egin zuen Udalak duela bi urte. Beste lau urtez bultzatzen jarraitzeko lankidetza hitzarmena berritu dute Atzegik eta Gureak-ek Udalarekin. "Ekimena ingurune arrunteko okupazio-zerbitzuaren barruan kokatzen da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta dago. Izatez, duela bi urte egin zuen bat udalak, lehenengo aldiz, horrekin: orain beste lau urtez jarraitzeko hitzarmena sinatu dute. Udalak 4.300 euroko ekarpena egingo dio programari hitzarmena indarrean den urte bakoitzean".
Langile baten kontratazioa
Programa honen baitan, duela bi urte, "Asier Berraondo Ayerra lasarte-oriarra kontratatu zuen udalak. Ordutik, hainbat sailetan ibili da lanean, eta halaxe jarraituko du: kale garbiketan, liburutegiko hainbat zereginetan, zein gizarte zerbitzuetako eta udaletxeko era askotako lanetan. Aldaketa bakarra da lehen praktikaldia egiten ari zela, eta, orain, zerbitzu okupazionalean hasi dela. Denborak aurrera egin ahala, Berraondo autonomia garatzen ari da, lanerako zein Usurbilera joan-etorriko bidaiak egiteko. Horrez gain, erreferentziazko bitartekari okupazional gisa jarduten duen langile bat izendatua dute: prozesuan zeregin aktiboa du, eta erabiltzailearen eta prozesuaren talde koordinatzailearen arteko zubi-lanak egiten ditu".