Elkargunea eraikitzeko parte hartze prozesuaren azken saioa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 14a, 07:40

Usurbilgo Elkargunea eraikitzeko otsailaz geroztik abian den parte hartze prozesuko azken saioa iragarri dute larunbaterako.

Elkargunea
Udarregi ikastola pareko zelaian kokatuko den Usurbilgo Elkarguneari lotuta otsailean hasitako parte hartze prozesuaren azken saioa iragarri dute larunbat honetarako, ekainaren 15erako, 10:00-13:30 artean. Udarregi ikastolako Agerialde eraikineko sarreran biltzeko deia egin dute. Bosgarren eta azken saio honetan, "hemendik aurrerako urratsez hitz egingo dute", iragarri dute deitzaileek. Kultur nahiz aisialdiko eragileak batu ditu, amaitzear den Elhuyarrek dinamizaturiko proiektu hau diseinatzeko parte hartze prozesuak.

Hurrengo bilerak
Sortalde
Sortalde Usurbilgo energia komunitateak urteko batzar orokorra iragarri du ekainaren 19an kooperatibako kideentzat Artzabalgo ekitaldi aretoan. Deialdi bana egin da arratsaldeko 18:30etan, 19:00etan eta 19:30etan. Baina 19:00etan, bigarren deialdian batzarra hasteko moduan izango direla aurreikusi dute. Besteak beste, iazko balantzea, aurtengo plangintza eta aurrekontua aurkeztuko dituzte. Galdera eta eskaerentzako tartea ere egongo da. Batzarra amaitutakoan, mokadutxo bat egingo dute Artzabalgo tabernan.

Udajolas
Uztailaren 3tik 30era NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolaseko parte hartzaileen gurasoei zuzenduriko bilera egingo da ekainaren 18an. Arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan hasiko den bilkuran udaleku hauei buruzko argibideak emango dira.