Osakidetzako udako murrizketen aurkako mobilizazioa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 14a, 09:18

"Osasun publikorako eskubideak ez ditu oporrak hartzen" aldarripean, uda honi begira iragarri diren murrizketen aurkako elkarretaratzea deitu dute osasun publikoaren aldeko herri plataformek larunbatean Donostian.

Uda honi begira, iaz bezala, osasun zerbitzu publikoan murrizketa gehiago izango dira. Hainbat itxiera iragarri dituzte edota ordutegi murrizketa hainbat. "Osakidetza desegiten jarraitzeko asmoa" dutela salatu dute osasun publikoaren aldeko herri plataformek. Testuinguru honetan, mobilizatzera deitu dituzte herritarrak, larunbatean, ekainaren 15ean, eguerdiko 12:00etan Donostian; zehazkiago esanda, Alderdi Eder parean, "Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean egingo dugun elkarretaratzean parte hartu dezaten".

Aipatu herri plataformek ohar bidez gogorarazi dute, iragan apirileko Eusko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeen kanpainako gai nagusi bihurtu zela Osakidetzaren egoera. "Hain eragin handia izan zuen, ezen EAJk eta PSE-EEk behin eta berriz agindu baitzuten beren kudeaketa negargarria zuzendu eta Lehen Mailako Arreta indartuko zutela". Gai hau kanpainaren erdigunean kokatzea, "Osakidetzak, eta bereziki Lehen Mailako Arretako zerbitzuek, jasaten duen egoera kritikoaren aurrean herritarren erantzun zabalak" ahalbidetu zuela gogorarazi dute.

"Osakidetza desegiten jarraitzeko asmoa"
Baina apirileko hauteskundeak igarota, "zoritxarrez, aste honetan egiaztatu dugu alderdi politiko horiek balio eskasa ematen diotela herritarrei emandako hitzari, eta Osakidetza desegiten jarraitzeko asmoa dutela, azken batean osasungintza pribatua laguntzeko asmoz". Horren adibide gisa jarri dute uda parterako, "arduradun politikoek udara honetarako murrizketa handiak iragarri" izana "gure osasun-zentroetan".

Zenbakitan adierazi nahi izan dute, zer nolako eragina izango duten murrizketok. Batetik, 10 osasun-zentro itxiko dituzte uda osoan; bigarrenik, beste 44 "noizbehinka" itxi egingo dituzte. Hauei ohi baino lehenago itxiko diren beste 72 zentro batu behar zaizkie. Kasu horietan, 20:00etatik 17:00etara aurreratuko dute itxiera ordua. Azkenik, beste 58 zentroetan, herri plataforma hauek jakinarazi dutenez, "oraindik ez dute erabaki zer gertatuko den".

Borrokan segitzeko deia
Murrizketa hauen aurrean, "herritarren plataformetatik berresten dugu gure borondatea kalitatezko osasungintza publikorako eskubidearen alde borrokatzen jarraitzeko, udaran oporrak hartzen ez dituena; eta baita ere guztiontzako Lehen Mailako Arreta duina eta kalitatekoa Eusko Jaurlaritzari eskatzen segitzeko". Nabarmendu dutenez, kontuan hartuko dute, EAJ-k eta PSE-k "gizartearekin hartutako konpromisoekiko duten mespretxua eta sumindura" eta ez dira "geldi geratuko aurretik hondatuta zeuden gure osasun-zerbitzuak kalte egiten segitzeko jarrera horren aurrean".

Horregatik eta horretarako deitu dituzte herritarrak larunbatean, Donostiako Alderdi Ederren 12:00etan mobilizatzera, Eusko Jaurlaritzak duen ordezkaritzaren parean.

"1.000 txanda baino gehiagoko defizita"
Sindikatuek ere herri plataforma hauek plazaraturiko salaketarekin bat egin dute. LAB-etik iragarri dutenez, "Lehen Mailako Arretako zentroen % 40k bakarrik funtzionatuko dute normaltasunez" uda honetan. Izan ere, "Etengabeko Arretako Puntuek 1.000 txanda baino gehiagoko langile-defizita dute udan betetzeko, eta larrialdietan egoera kaotikoa da arrazoi beragatik. Era berean, eta herritarrei emandako zerbitzuen gainbehera horren aurrean, ospitaleko larrialdietan ere ez da errefortzurik planteatu kalte horien ondorioei aurre egiteko".

Egoera honetan, Osakidetzaren kudeatzaileen jokabidea salatu dute. "Zuzendaritzak epe laburreko neurriak planteatu ditu berriro, urtez urte narriadura handiagoa izatea eragiten duten neurri berberak, hain zuzen ere. Autokontzertazioa, aparteko orduak eta deribazioak/pribatizazioak baino ez ditu planteatzen zuzendaritzak, beste urte batez egiturazko arazo larriak alde batera utzita". Hamarkada luzeetan luzatu da LAB-en arabera, "plangintza iraunkorrik gabeko egoera, eta horrek oso egoera larrian jarri du Osakidetza".

Murrizketa gehiago
ELA-tik ere beste urte batez, Osakidetzak Mahai Sektorialean uda partean Lehen Arreta Zerbitzuan murrizketak aplikatzea proposatu duela salatu du. Baina, oraingoan, "murrizketek gora egin dute eta denbora tarte zabalagoa hartzen dute, eta iaz baino osasun zentro eta Etengabeko Arreta Gune gehiagori eragiten diete. EAGak ekipo osoarekin irekiko direnik ez bermatzeaz gainera, oraingo honetan Osakidetzak ez du bermatzen ere osasun zentroak ekipo osoarekin irekiko direnik, beraz, berriro ere fakultatiborik gabeko zentroak izango ditugula aurreikusten da, eta murrizketa horretan sakondu eta estruktural bihurtzen da". Etengabeko Arreta Guneetan, gainera, "Osakidetzak aurreikusten du 1.000 lan txanda inguru bete gabe daudela momentu honetan udarako sasoirako".

ELA sindikatuarentzat, murrizketa hauek "langileak eta haien eskubideak erabiliz" justifikatu nahi ditu Osakidetzak. Baina "neurri horiek erabaki politikoen ondorio zuzena dira, eta ez dute, inola ere, Lehen Arretaren gabeziei aurre egiteko planik planteatzen. Langileak gehiegi kargatzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua murrizten jarraitzea beste planik ez dago".

Sindikatu honetatik gogorarazi dutenez, "hamarkadak daramatza medikuen belaunaldi erreleboari ekiteko plangintza falta salatzen". Langile faltaren atzean, "lan baldintza eskasak daude, eta Osasun Sailak ez du horri heltzeko borondaterik", ohartarazi du aipatu sindikatuak. Horregatik, "ELAk benetako neurri zehatzak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritza berriari Osakidetzaren egiturazko gabeziei aurre egiteko".