Mugikortasunari eta energiari buruzko azterlanak egin dituzte Udarregi ikastolako ikasleek. Energiari dagokionean, Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. ikasmailen kasuan, herriko puntu argiztatu gabeak aztertu dituzte farolak behatzearekin batera. Gaiari buruz galdezka aritu dira herritarren artean, kaleko argitasun mailaren, argiztapen beharraren edota farolen egoeraren inguruan. Argiztapena segurtasunaren gaiarekin ere lotu dute galdetegi horretan, erantzunetan ere batak bestea dakarrela ere nagusitu da erantzunetan, baita argiztapen gehiegi dagoen gunerik badela ere.
Horrekin batera, argiztatu gabeko guneak identifikatu dituzte LH-ko ikasleok; besteak beste, Atallu eta Santuenea artean, Atxegalden, Aranerrekan, Kalezar nahiz Haranerako bideetan, Askatasuna plazan...
Bigarren Hezkuntzakoek, bestalde, udal eraikin hainbaten energia azterketa egin dute. Hala, Artzabal, Agerialde, Zumarte edota udaletxea bera behatu dituzte. Tokiotan, kontsumoaren bilakaera nolakoa izan den aztertu dute, eta baita kontsumo hau murrizteko hainbat proposamen egin ere; hala nola, eguzki plaka gehiago jartzea (egun Udarregi ikastolan edota Oiardo kiroldegian jarriak ditu Udalak), LED instalakuntza gehiago hedatzea argiteria publikoan, isolatze sistema hobetzea edota geotermia instalakuntzak sustatzea.
Proposamen bilketa
Azterlan hauen emaitzak ekitaldian bertan ziren udal ordezkariei aurkeztu dizkiete. Sutegin ziren ikasleen azalpenak adi entzuten, udal gobernu taldeko ordezkari Ainhoa Arrozpide, ingurumen arloko udal teknikari Ibon Goikoetxea eta Iosu Romero Usurbilgo Udalak abian duen energia aholkularitza zerbitzuko arduraduna.
Esker oneko hartu dituzte Udarregikoek eginiko azterlanetan jasotako informaziotik eginiko ekarpenak. "Asko eskertzen dizuet arazoei proposamenak aurkezteko lana hartu izana". Kontuan izan eta aztertu egingo dituztela adierazi die udal zinegotziak ikasleei. Gazteek eginiko proposamenen harira, dagoeneko zenbait egitasmo martxan dituztela edo abiaraztera doazela adierazi die. Hala nola, LED argiteria ezartzen segi asmo dutela adierazi du. 140.000 euroko partida bideratu asmo dutela, besteak beste, Udarregikoek aipaturiko argiztatu gabeko eremuetara. Santuenea eta Atxegalde aipatu ditu Arrozpidek. Etorkizun hurbilean, guneok "puntu ilun izateari utziko diote", iragarri du.
Udal eraikuntzen energia azterketari dagokionean, bitan sailkatu ditu udalak herrian zehar dituen instalakuntzak. Izan ere, eraikin batzuen eta besteen "egoerak oso ezberdinak dira", udal ordezkariak gogorarazi duenez. Batetik, azken urteotako eraikin berrietan ikasleek aipatutako neurriok hartzen dituzte. Aldiz, aurretik eraikiak daudenetan egoerak ahalbidetzen diena egiten dabiltzala, gaineratu du. "Berrikuntzak egiten goaz eta oso presente ditugu berokuntza sistema edota isolamendu sistema". Hilabeteotan, esaterako, Haur Eskolan edota Udarregiren Agerialdeko eraikineko solairu batean berrikuntza lanak egitera doaz.
Behaketa lan hauen eta emaitzen berri asteburu honetan ikusgai izango duzue Sutegiko erakusleihora gerturatzen bazarete.