Etxealdiako zubia eraitsi dute, Askatasuna plazako estalpea konpontzera doaz

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 14a, 11:55

Askatasuna plazako aterpeko itoginak eteteko lanak abiatu dituzte ostiral honetan. Ostiral honetan ere, amaitu dituzte Etxealdiako zubia eraisteko lanak.


Herri lanetan da Usurbil zonalde ezberdinetan. Lan batzuk bukatu orduko beste batzuk abiaraziko dira. Hastear direnak, Askatasuna plazako aterpekoak dira. Ostiral honetan, inguru horretara hurbiltzen bazarete hesitua aurkituko duzue gaur eta baita datozen egunotan ere. Izan ere, itoginak ditu gune estali horrek.

Itogin hauek saihesteko "teilatua irazgaizteko lanak" abiarazi dituztela jakinarazi du Usurbilgo Udalak. Lanok bukatzeko hamar bat egun beharko dituztela ohartarazi du Udalak. "Bitarte horretan, herritarren segurtasuna bermatzeko helburuz, eremura ez sartzeko hesiak jarri dituzte". 

Cotegui enpresak egingo ditu lanok, "17.260.65 euroko kostua izango dute (BEZ barne)".

Zubia eraitsia
Askatasuna plazako aterpeko lanak abiarazi dituzten egun berean amaitu dituzte Etxealdiako zubia eraisteko lanak. Zubi zati bat baino ez dago zutik geltokitik hurbil. Errepide inguruko zati guztia kendu dute jada. Gogoan izan, azkeneko hiru gauotan itxita egon da N634 errepidea, lanok egin ahal izateko. Maiatzaren 27an itxi zuten zubi hau urte luzez Santuenea, Atallu, tren geltokia eta kaxko arteko komunikazioa bide nagusia izan da oinezkoentzat. Etorkizunean zubi berri bat eraikiko dute bertan; bitartean Txaramunto pareko behin behineko pasabidea baliatu beharko da. 

Hain zuzen, Etxealdia, tren geltokia eta Atallu lotuko ditu zubi berriak. Trenbidea gainetik zeharkatu eta, honenbestez, orain arte zegoen pasabide arriskutsua ezabatuko du. Zubia eta tren geltoki berriaren arteko joan etorria igogailu eta eskilara bidez egin ahalko da etorkizunean. Irisgarritasuna bermatuko da, beraz.