Xiberotarrekin aritu ziren abesten, Santa Ageda bezperan estreinakoz Egurtzegin. Pantxoa eta Peio omendu zituzten, ezustean haietako bat, Peio haiekin zela. Hilero irten dira kantu-jiran, astelehenero batu dira ikastarorako Agerialden.
Zaletasunari bide ematen beti, euskal kantuzaletasuna suspertzen, euskal kantuak bidelagun haiek eta haiekin plazaratzen. Gaur bezalaxe; kantuan bizi dutena herriarekin partekatzen aritu dira ikasturte osoan bezala Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak eta amaiera borobila emateko hitzordu berezia deitu dute ostiral honetan; udako etenaldiaren aurreko azken saioa. Larunbat eguerdian beharrean, arratsalde honetara aurreratu dute. Kalez kale ibili ostean, Patrin afaritarako bildu eta kantuan segiko dute seguru.
Usurbilgo ereserkia abestuz hasi dute gaurko saioa, eguraldia tarteko, Mikel Laboa plaza erdian izan ordez, aterpean, baina eguraldi grisari gogotsu asko kantuan. Eta bidelagun berriekin, belaunaldi gazteena alboan zutela: