4. Uxue Trail

"Eskerrik asko bihotz-bihotzez"

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 16a, 19:11

Gogotik eskertu nahi izan dute 4. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioko antolatzaileek, beste behin, ekimenak izan duen harrera arrakastatsua.

Pozarren eta esker oneko agertu dira antolatzaileak, beste behin laugarren Uxue Trail mendi lasterketa solidarioak izan duen harrerarekin eta sustaturiko auzolanarekin. Ekimenaren amaieran, sariak banatu ostean, balantze ezin gozoagoa plazaratu dute.

"600 parte hartzaile, ia 50 laguntzaile, hiru diziplina, dortsal solidarioa, jende pila herri inguruan", horixe gaurko lasterketak utzitako zenbakietako batzuk. Halako harreraren aurrean, esker ona adierazi nahi izan dute. "Eskerrik asko bihotz-bihotzez parte hartu duzuenoi eta,  nola ez, antolatzen aritu zaretenoi; modu batera edo bestera lagundu duzuenoi, hiru ibilbideetako hainbat puntutan egon zaretenoi eta orain aipatu ezin ditugun beste hainbati", adierazi dute. 

Eskertza Uxueri eta bere familiari ere helarazi nahi izan diote, "proba hau antolatzeko aukera emateagatik". Eta, nola ez, orohar, herriari, izaera solidarioko ekimen hau sustatzeko egindako ahaleginagatik.

Sentsibilizazioa eta elkartasuna
Ekimen honen xedea, gogoan izan, "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa" ezagutaraztea da eta haren ikerketarako laguntza biltzea da. Horregatik, aurtengoan ere, "bai korrika bai dortsal solidarioaren bidez, ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatu" gaituzte parte hartzera.

Elkartasun ekimen honetan ekarpena egiteko lau bide edo modu eskaini ditu antolakuntzak. Batetik, distantzia ezberdinetako mendiko bi lasterketa antolatu dituzte, hirugarrenik, Uxue Paseoa deritzana eta, azkenik, dortsal solidarioa eskuratzeko aukera izango da.