4. Uxue Trail

Soinu banda eta koreografia estreinatu ditu gaurko mendi lasterketa solidarioak

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 16a, 18:04

Ixaksonak taldeak ondutako abestia aurkeztu dute gaurko 4. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioan, baita zumba gazte taldekoek prestaturiko koreografia ere.

Uxue Trail mendi lasterketa solidarioak soinu-banda propioa izango du gaurtik. Igande honetan, ekainaren 16an egin duten laugarren ediziorako abestia eta koreografia aurkeztu dute. Kanta Ixaksonak taldeak sortu du, koreografia Betisa Carrascoren gidaritzapean aritzen diren zumba gazte taldekoek. 

Kanta honek girotu du gaurko Uxue Trail ekimenaren laugarren edizioa. Uxue Paseokoek, osteratxoa hasi aurretik beroketa gisa, girotzen joateko zumba gazteko kideek koreografia lehen aldiz aurkeztu diete ibiltariei. Azken lasterkariak heldu ahala gauza bera egin dute Ixaksonak taldekoek. Lehen aldiz jo dute aipatu kanta. 

Batzuek eta besteek, Usurbilgo musikariek eta koreografoek bat egin dute gaurko ekimenaren sari banaketaren aurretik. Lasterketa solidarioa dantzan jarri eta gogotik musikatu dute Uxue Trailerako eginiko sorkuntza lanokin. Irudiotan batu ditugu une hauek guztiok.