Udajolaseko guraso bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 18a, 08:14

Uztaileko udaleku irekietan izena emana duten gaztetxoen gurasoek beharrezko argibideak jasotzeko aukera izango dute gaur Sutegin.

Uztailaren 3tik 30era NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolaseko parte hartzaileen gurasoei zuzenduriko bilera egingo da astearte honetan, ekainaren 18an. Arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan hasiko den bilkuran udaleku hauei buruzko argibideak emango dira.

Uztailean, udako oporraldi betean izango diren gaztetxoek lagun artean bildu eta aisialdi tartea euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen Udajolasen parte hartu ahalko dute aurten ere apirilean zehar garaiz eta egok izena eman, beharrezko dokumentazioa aurkeztu eta ordainketa egin zutenek. Izan ere, NOAUA! Kultur Elkarteak uztailaren 3tik 30era antolatu du udalekuon eskaintza hau.

Ohi bezala, Usurbilgo jaiak uztailaren 2an amaitu eta biharamunean abiaraziko du kultur elkarte honek Udajolas. Astelehenetik ostiralera, goizez eskainiko da eta lau orduko iraupena izango du. 9:30-13:30 artean parte hartu ahalko dute haur eta gaztetxoek eguneroko dinamiketan. Ostegunetan, aldiz, txangoak egingo dira. Egun horietan 16:30etan amaituko da eguneko jarduna.

Udajolas, 4-12 urte artekoei (HH3-LH6 artekoei) zuzendua egongo da.