Berriki Usurbil herri zaintzaileagoa izateko bidean, zenbait ekimen aurkeztu zituzten eragile ezberdinek; tartean, jai zaintzaileak sustatzeko erronka plazaratu zuten. Horri buruzko xehetasunak eskaini zituen Jai Batzordeko kide eta Usurbilgo zaintza ekosistema berri eraikitzeko eragiten ari diren lan taldeetako bateko, zaintza komunitarioko kide den Itziar Illarramendik. Bere eskutik jakin genuenez, ekainaren 28an, arratsaldeko 19:00etan udaletxeko balkoitik Santixabelei ekiteko ohorea adineko emakume zaintzaileek izango dute. Illarramendik aste hasierako agerraldian oroitarazi zuenez, herrian "badugu emakume multzo handi bat denok ezagutzen ditugunak, bere bizitza osoan zaintza lanetan ibili direnak, lan hauetan ezin baita jubilatu. Ardura honetan jarraitzen dute eta ahal dutena arte iraungo dute".
Azken urteotako ildoari jarraiki, ate joka ditugun jai hauek ere "zaintzaileak izan daitezela" dute xede. Bat egiten du herri hau zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko urteotan egiten ari den lanketa prozesuarekin. Herri honen misioetako bat da, "Usurbil herri zaintzailea bihurtzea", Illarramendik gogorarazi zuenez. Zalantzarik gabe, "bide luzea eta ez erraza, sistema osoa aldatzea eskatzen du eta baita gu herritarrok ere zabaltzea gure begirada".
Izan ere, Illarramendik jaien aurkezpen ekitaldian nabarmendu zuenez, "zaintza, hitz potoloa, elementu transbertsala da. Guztioi interpelatzen gaitu, gizakiok erlazionalak baikara, elkarren beharra baitaukagu". Urte garai honetan, bere esanetan, "jai zaintzaileak aldarrikatzea tokatu zaigu". Testuinguru horretan, "aurten txupinazoa adineko emakume zaintzaileei eskaini zaio".
Omendu egingo ditu herri honek, zalantza izpirik gabe, "merezi dutelako. Gora Usurbilgo adineko emakume zaintzaileak!", goraipatu zituen Illarramendik, bertaraturikoen txalo artean.
Aho batez
Txupinazo jaurtitzaileon hautaketa, ekarpenak biltzeko aurreko hilabeteotan eginiko deialdi irekitik dator. 74 boto eta 25 proposamen bildu ziren. Jai Batzordeak, ordea, argi izan zuen; aho batez erabaki zuten adineko emakume zaintzaileak izatea udaletxeko balkoitik txupinazoa jaurtiko dutenak.
Jai zaintzaileak
Ekitaldiak ere herri zaintzailearen ispilu izateko apustu horretan, adibide moduan, ospakizun egunotan izango ditugun beste zenbait hitzordu ere xehatu zituen Jai Batzordeak aste hasierako agerraldian. Iaz bezala, aurten uztailaren 1erako iragarri duten Haurren Eguneko ekimenen artean, txutxu tren arrakastatsuan herri erdigune inguruari itzulia emateko aukera izango da. Ordu tarte bat, eguneko arreta zerbitzuko eta eguneko zentroko erabiltzaileentzat erreserbatua egongo da.
Horrez gain, bada adinekoentzat ezin aproposagoa izan eta memoria freskatzeko baliagarria izango zaien bestelako ekitaldirik ere. Estreinakoz, "1371-1971 Usurbil villa bezala hasi zenetik 600 urte" bideo proiekzioa iragarri dute ekainaren 27rako Sutegin. Garai bateko herri honetako irudiak, ospakizun hainbatetakoak, "jende ezaguna" ikusteko aukera izango da.