Zaintzari eskainitako festak izango dira aurtengoak, egitarauko hitzorduetan ikusi ahalko dugun moduan. Programa bera egunotan jasoko duzue. Diseinua, dakizuenez, ohi bezala, lehiaketa bidez erabaki da. Udaberri honetan plazaraturiko deialdiaren baitan, lanak aurkezteko Jai Batzordeak finkaturiko epealdiaren baitan, bost diseinu aurkeztu ziren.
Lanok, gero, aipatu herri batzorde honetako kideek eta diseinu arloan aditu diren zenbaitek osaturiko taldeak epaitu behar zituen. "Bere argitasunagatik, kolore bereziengatik, herriarekin zuen loturagatik", epaile lanetan jardun zutenen esanetan "asko gustatu zitzaiguna", Ane Ibargoien Alvarez herrikideak aurkezturiko sorkuntza lana saritzea erabaki zuten. Testu honi erantsitako argazkietako batean duzue egilea, egitarauko azala tamaina handian eskuartean duela.
Eskuragarri
Aste hasierako jaien aurkezpeneko agerraldian ikusi ahal izan genuen lehen aldiz aipatu diseinu lana. Egunotan banatuko dute etxez etxe, usurbil.eus atarian ere eskuratu ahalko duzue baita bertsio elebiduna, Gure Pakea elkarteak Artzabalen duen egoitzan, Santueneako Gure Elkartean, Sutegin, Potxoenean eta Oiardo kiroldegian.