Usurbilgo jaiak

Festak ere, izerditan blai datozkigu

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 18a, 09:15

Bi kirol hitzordu nagusi nabarmentzekoen artean datozen Usurbilgo jaiotan; herritarren arteko desafioa eta Usurbilgo 51. Pilota Txapelketako finalak, pala txapelketako azken neurketekin eta bola txapelketarekin batera.

Pala txapelketa
Asteotan jokaturiko txapelketako azken neurketak festak ofizialki hasi aurreko bezperan, ekainaren 27an izango dira, arratsaldeko 16:00etan hasita: binakako finala eta, aldez aurretik, kirol egokituen erakustaldia.

Bola txapelketa
Festetan hutsik egiten ez duen beste kirol hitzordua; ekainaren 30ean, goizeko 11:00etan hasita, nola ez, Askatasuna plazako bolatokian.

Herri kiroletako desafioa

Herrikideak joko ezagunen bueltan (txinga, trontza, aizkora, korrika, giza proba, harri jasotzea) lehian jarriko dituen herri kirolen desafioa bueltan datorkigu. Aurreko edizio arrakastasuen ondotik, eguerdira igaro dute aurtengo edizioa; ekainaren 29an, 12:30etan plazan, herrikideak lehia bizian ikusteko aukera.

Usurbilgo 51. Pilota Txapelketa
Bestalde, Usurbilgo 51. Pilota Txapelketa azken txanpari begira da. Asteburuan jokatu dira finalaurrekoak. Erabakia dago honenbestez, nortzuk izango diren, ohi bezala, Santixabel egunez, uztailaren 2an, arratsaldeko 17:00etan hasita frontoian lehiatuko diren finaletan parte hartuko duten kadeteen eta seniorren mailako pilotariak.

Emaitzak
Ekainak 14:
Kadeteak: Pagazpe 1 (Alejo-Pagola) 19 - 22 Lapke (Landa-Munduate)
Seniorrak: Elizalde-Lizeaga 22 - 16 Barbajero-Santesteban

Ekainak 15
Kadeteak:
Zazpi iturri (Gorostidi-Olano) 22- 3 Pagazpe 2 (Aburuza-Errasti)
Seniorrak: Landa-Aranguren 13 - 22 Txoperena-Urruzola

Finalak
Eguna: uztailak 2, asteartea.
Ordua: 17:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Finalistak:
Kadeteak: Lapke (Landa-Munduate)-Zazpi iturri (Gorostidi-Olano)
Seniorrak: Elizalde-Lizeaga-Txoperena-Urruzola