Usurbilgo jaiak

Festei lotutako zenbait izen-emate deialdi azken txanpan

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 18a, 08:50

Jubilatuen bazkarirako txartelak salgai dituzue, gazte bazkarikoak ere aurrez eskuratu beharko dira. Bestalde, Haurren Eguneko ekimenetan izen-ematea ixtear da. Honatx badatozen Usurbilgo jaiei lotutako zenbait ohar.

Jubilatuen bazkarirako txartelak
Aurten ekainaren 30ean, igandearekin Atxega jauregian ospatuko den otordurako txartelak gaurtik, ekainaren 17tik (hilaren 17ko goizeko 10:00etatik aurrera) 19ra jarriko dituzte salgai Usurbilgo Udaleko gizarte zerbitzuen bulegoan edota hiru jubilatu elkarteetan; Usurbil, Santuenea eta Aginagakoan agortu arte. Gurea Pakea, Gure Elkartea edo Arrate elkartean agortuko balira, gizarte zerbitzuetara jo beharko da. Bi prezio izango dituzte txartelok; 20 eurotan eskuratu ahalko dituzte 60-65 urte artekoek. Aurten 65 urte izan edo beteko dituztenek eta hortik aurrerakoek 10 eurotan erosi ahalko dituzte. Honako menu hau dastatu ahalko da: urdaiazpiko iberikoa, itsaski entsalada epela, txangurrozko kurruskia, onddoen hostorea hasteko; gero, aukeran, bakailu konfitatua pikillo-ohearekin edo txahalkiak ardo beltz purearekin. Postrerako ere aukeran, tarta dastaketa eta fruitu gorrien yogurt krema.

Haurren Eguneko ekintzak
Usurbilgo jaien berri Udalak hilabete amaieran etxez etxe banatuko duen egitarauaren bidez jasoko dugu. Bertan, besteak beste, Haurren Eguneko ekintzei buruzko xehetasunak emango dira. Umeen Eguna uztailaren 1ean izango da aurten, astelehenez.

Egun horren antolaketaz arduratzen diren gurasoak prestaketa lanean dira hilabeteotan. Iragarri dutenez, egun horretako ginkanan (LH 1-4 artekoentzat) eta erronkan (LH5-DBH2 artekoentzat) izena emateko epea zabaldu dute ekainaren 19ra arte. Ikastetxeko orrialdean eman ahalko da izena. Bertan izen-abizenak eta ikasmaila zehaztu beharko dira. Bestela, e-posta helbide honetara idatzita eman dezakezue izena: umeen.eguna@gmail.com. Antolakuntzatik ohartarazi dutenez, uztailaren 1ean, Erronkan parte hartuko dutenek aldatzeko arropa eraman beharko dute.

Gazte bazkaria
Haurrenarekin batera, Usurbilgo jaietako Gazteen Eguna uztailaren 1ean ospatuko da. Arratsaldeko 14:30etan emango zaio hasiera, Mikel Laboa plazan kokatuko diren txosnetan. Txartelak, ohi bezala, aurrez eskuratu beharko dira.