Abisu horian gaur arratsaldean prezipitazio handiagatik

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 18a, 08:34

Abisu horian izango gara astearte arratsalde honetan, prezipitazio handiagatik.

Udaberria agurtzeko ohikoak diren ekaitz egunak datozkigu. Astearte honetan, ekainaren 18an, prezipitazio handiagatik abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak, 15:00-19:00 artean. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada ertainak egingo ditu; zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izan daitezke, bereziki Kantauri isurialdean. Kazkabarra egin dezake (2-3 cm). Ekaitz-eremuetan haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.

Usurbilen, gaur, beraz, "zerua hodeitsu egongo da eta arratsaldean ekaitzak jo dezake eta zaparradak mardulak izan daitezke, txingorra eta guzti. Haizea aldakor ibiliko da, arratsaldean iparraldekoa nagusi. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Antzeko giroa izango dugu datozen egunotan. Asteazkenean, "zerua hodeitsu egongo da, bero-hodeiekin egunaren bigarren zatian. Noizbehinka zaparrada trumoitsuak bota ditzake arratsaldean eta gauean. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Ostegunean, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, probabilitate handiagoarekin egunaren bigarren partean. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoak gutxi jaitsiko dira".

Eguraldiari buruzko informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.