Sortalderen batzar orokorra gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 19a, 07:37

Usurbilgo energia komunitateko bazkideen batzar orokorra deitu dute asteazken honetarako, ekainaren 19rako.

Sortalde Usurbilgo energia komunitatearen bazkideen batzar orokorra deitu dute asteazken honetarako, ekainaren 19rako, Gure Pakea elkarteak Artzabalen duen egoitzako areto nagusian. Hiru deialdi finkatu dituzte; lehenengoa, arratsaldeko 18:30etarako, bigarrena orduerdi beranduago, 19:00etarako; eta, hirugarren eta azken deialdia, 19:30etarako. Sortaldetik ohartarazi dutenez, 19:00etan hasteko moduan izango dira. "Bigarren deialdian batzarra hasteko moduan izango garela aurreikusten dugu. Beraz, 19:00etarako agertzeko eskatzen zaizue bazkideei”, ohar bidez jakinarazi duenez.

Hitzordu honetan, besteak beste, 2023. urteko ekitaldiko balantzearen berri emango dute eta Sortalde energia komunitateak 2024. urterako osatu duen plana eta aurrekontua aurkeztuko dituzte. Horrelakoetan ohiko izaten den moduan, galde-eskaerako tarterik ere izango da. Batzarra amaitutakoan, mokadutxo bat egingo dute Artzabalgo tabernan.

Bazkidetza
Sortalde Usurbilgo energia berriztagarrien komunitatea koop S. bazkidetza egiteko aukera eskaintzen ari da sortalde.eus atarian. Gogorarazten dutenez, "Irabazi Asmorik gabeko Kooperatiba integral honen bitartez, Usurbil mailan energia transizioaren erronkari aurre egiteko gure alea erein nahi dugu. Gure asmoa ekimen hau herritar, elkarte, enpresa zein entitateei zabaltzea delarik, ahalik eta parte hartzea zabalena izan dezan". 

Printzipioak
Bost dira Sortalderen eskuorrian nabarmentzen dituzten printzipioak. Batetik, "energia arloan bidea elkarrekin egin nahi dugu", zehaztu dutenez, "gure energia kontsumoaz hausnartu eta pobrezia energetikoari aurre egin". Bigarrenik, autokontsumo partekatua sustatu nahi dute. Abiapuntu gisa, eguzki instalazio fotovoltaiko partekatuaren aukera lehenetsi dute, Zubietako frontoiko teilatuan kokatuko dutena. Hirugarrenik, herritarrok energiarekin dugun hartuemana aldatzea eragin nahi dute. Lanketa horretarako hainbat ekimen bideratzea aurreikusi dute. Mugikortasuna, kontsumoen azterketa, energia menpekotasuna, energia berriztagarriak... landu asmo dituzten gaien artean daude.

Laugarrenik, irabazi asmorik gabekoa eta tokikoa den kooperatiba bera sustatu nahi dute, "energia trantsizioa bultzatzeko". Azkenik, herritarrak gaiotan ahaldundu eta eragileen arteko lanbidetza bultzatu nahi dute.

Informazio gehiago: sortalde.eus