Sutea Zubiaurrenea kaleko etxebizitza batean

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 19a, 12:10

Sutea izan da asteazken goiz honetan Zubiaurrenea kaleko etxebizitza batean.

Sutea asteazken goiz honetan, ekainaren 19an, Usurbil erdigunean. Zehazkiago esanda, Zubiaurrenea kaleko bigarren zenbakiko lehen solairuan. Suteak ez du kalte pertsonalik eragin zorionez, kalte materialak bai. Ertzaintza eta suhiltzaileak bertaratu dira sutea izan den lekura, sua amatatzera. Agerikoa zen, sua piztu den etxebizitzako balkoitik irteten ari zen kea.

Sutea dagoenean nola jardun
Segidan dituzue Donostiako suhiltzaileen oinarrizko gomendioak sutea norberen etxean gertatu bada, nola jokatu zehazten dutenak:
-Sute handi guztiak hasieran sute txikiak izaten direnez gero, sute hori itzaltzen saiatu behar dugu, betiere itzalgailu eramangarri bat eskura badugu.
-Sutea itzali ezin badugu, edo horretarako gai ez bagara, sutea dagoen lekuko atea itxi beharko dugu sutea mugatzeko ahalegina egiteko, eta, horrela, beste eremu batzuetara hedatzea saihestuko dugu. Kea badago, makurtu egin behar dugu sudurra eta ahoa babestuz.
-Etxetik igaro ahala, ateak itxi behar ditugu eta familiako kide guztiekin atera behar dugu etxetik, etxeko giltzak hartu behar ditugu suhiltzaileei emateko eta haiek errazago sartu ahal izateko. Etxeko atea itxi behar dugu (giltzaz itxi gabe) kea eta beroa eskailera-begira edo hutsunera heda ez daitezen. Ez dugu inoiz igogailua erabili behar.
-112 telefono-zenbakira deitu eta bizilagunei jakinarazi etxetik ateratzen garen bitartean.
-Suhiltzaileei itxaron giltzak eta haiek behar duten informazio guztia emateko.

Sutea, norbere etxearen azpialdean bada:
-Ahalik eta gehien babestu behar da ketik (horrek eragiten baititu heriotza gehienak); horretarako, ateak itxi behar dira eta eskuoihal bustiak jarri behar dira zirrikituetan.
-Urrutien eta eskuragarrien dagoen leihora edo balkoira atera ikus gaitzaten.
-Egoeraren eta kokapenaren berri eman 112 telefono-zenbakira deituta.
-Garrak leihoraino iristen badira beste etxebizitza batetik, pertsianak jaitsi behar dira eta leihoak itxi.
-Suhiltzaileen laguntza iritsi arte itxaron behar da.
-Kea badago, beste gela batera joan behar da ahalik eta makurtuen, eta sudurra eta ahoa zatar busti batez estalita.

Aldiz, sutea norbere etxebizitzaren gainean badago:
-Etxeko atea ireki behar dugu eta eskailera-begian kerik ez badago, kalera irten behar dugu atea itxi ondoren; aitzitik, kea badago, aurreko kasuan bezala jokatu behar dugu.


Suteak saihesteko, bestalde, honako hau egitea ahokatzen dute suhiltzaileek:
-Entxufeak ez dira lapurrekin gainkargatu behar. Aparatu elektrikoak itzali egin behar dira erabili ondoren.
-Zartaginak, eltzeak eta abar ez dira sutan utzi behar kasurik egin gabe.
-Ke-kanpaia eta tximinia maiztasunez garbitu behar dira. Koipea eta zikinkeria metatzeak sutea eragin dezake.
-Kontuz gasarekin, gasa duten gelak behar bezala aireztatu beharko dira, gas-usaina badago, etengailuak ez dira itzali edo piztu behar, gela aireztatu behar da eta kontadorearen giltza itxi.
-Ez da arroparik, gortinarik eta antzekorik utzi behar erradiadoreen eta berogailuen gainean edo horietatik hurbil.
-Pospoloak edo metxeroak ez dira haurren eskueran utzi behar.
-Ez dugu ohean erre behar eta hautsontziak ez ditugu zaborrontzian hustu behar.