Udajolas abiatzeko atzerako kontaketan

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 19a, 12:36

Uztailaren 3tik 30era eskainiko den udako aisialdi eskaintzari buruzko argibideak eskaintzeko bilera egin zuten antolatzaileek gurasoekin astearte arratsaldean Sutegin.

Atzerako kontaketa betean da NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolas. Udaleku irekiotarako izen-ematea duela ia bi hilabete bideratu zuen kultur elkarte honek. Epealdi hartan izena eman zuten gaztetxoen gurasoekin bildu ziren astearte arratsaldean Sutegiko auditorioan, urtero garai honetan egiten den guraso bileran. Bertan, parte hartzaile izango diren haurren tutoreek ekimen honi buruzko argibideak jasotzeko aukera izan zuten.

4-12 urte arteko 212 haur eta gaztetxok eman dute izena aurtengo Udajolasen; Haur Hezkuntzan dauden 67 haurrek eta Lehen Hezkuntzako beste 145ek. Guztira, 11 talde osatu dira Haur Hezkuntzan, 12 begirale izango dituzte. LH-n 15 talde osatu dira eta 16 hezitzaile izango dituzte. Ziklo bakoitzak, gainera, koordinatzaile bana izango du. Hauei, praktiketan arituko diren beste 9 hezitzaile gehiago batu behar zaizkie. Guztira, beraz, 212 haur eta 39 hezitzaileko lan-taldea osatuko da Udajolasen bueltan. Antolatzaileek helarazitako nabarmentzeko moduko zenbakiak, zalantzarik gabe.

Prestatzen
Bi aste barru ekingo zaion ekimena prestatzeko lanketa betean dabiltza jada. Lehen bilerak eginda, programaketak prestatzen, irteerak antolatzen dabiltza. Formakuntza saioak jasota ekingo diote uztaileko udaleku ireki hauei. 

Ohi bezala, Usurbilgo jaiak amaitu eta biharamunean, aurten uztailaren 3an abiatuko da Udajolas. Aurreko urteen antzera, astelehenetik ostiralera eskainiko da zerbitzu hau, hilaren 30era arte, goiz partean, eta lau orduz, 9:30-13:30 artean. Ostegunetan ez, egun horietan irteerak izango direnez, arratsaldeko 16:30ak arte luzatuko da eskaintza hau. Aurten hiru irteera egun finkatu dituzte uztailak lau ostegun izan arren; izan ere, hilaren 25a jaieguna izango baita. 

Pandemia garaian hasitako ohiturari jarraiki, maila bakoitzeko taldea frontoia, Dema plaza edota Askatasuna plazaren bueltako txoko ezberdinetan elkartuko da egunero 9:30etan. Taldeka bildu arren, gero dinamiketan denak elkarrekin egongo direla gogorarazi zuten antolatzaileek Sutegiko bilkuran.

Puntualak izatea galdegin zieten antolatzaileek parte hartzaile izango diren haurren gurasoei, egunero haurra eraman nahiz bere bila pertsona bera joatea. Edozein aldaketa balego edota egunen batean joan ezin duenak aurrez jakinaraztea antolatzaileei, lana errazte aldera.

Aisialdi eskaintza hutsetik haratago
Zerbitzu publikoa da Udajolas, bilera hasieran antolatzaileek nabarmendu zuten moduan. Udalaren lizitaziotik NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko eskaintza hain zuzen, uda partean haurren hezkuntza ez formalaren alorrean, aisialdi tartean eragiten duena. Jolasa eta aisialdia ardatz izan arren, ordea, integrazioa, euskara eta herri ikuspegia txertatzea sustatzen du bere eskaintzan.