Jakin Jardunaldia

"Negu hurbilak", Jakin Jardunaldia Sutegira hedatuko duen film proiekzioa

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 20a, 09:14

UEU-ren udako 52. ikastaroen baitako Jakin Jardunaldian eskainiko da film proiekzio hau ostiral eguerdian Sutegin. Hitzordu irekia izango da. Edonork parte hartu ahalko du aforoa bete arte.

"Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" izena du aurtengo UEU-ren 52. udako ikastaroen baitan ostegun eta ostiral honetarako, Artzabalen UEU-k berak Usurbilgo Udalarekin eta Jakin Fundazioarekin lankidetzan antolaturiko Jakin Jardunaldiak. Gogoetarako topaleku honetan, hainbat egitasmo aurkeztuko dira; tartean, ostiral goizean, hilaren 21ean, "Negu hurbilak" izeneko filma proiektatuko dute Sutegin. Artzabalen egingo den jardunaldia, beraz, aurten herrira hedatuko da; lehenbizi, gaur, Usurbil 1936 elkartearen eskutik herrian barrena egingo den ibilaldi gidatuaren bidez, eta bihar, aipatu moduan, film proiekzio honekin.

"Negu Hurbilak-ek ihesaldi baten istorioa kontatzen du. Ihesaldi horretan, protagonistak, 25 urteko neska gazteak, jazarpenak behartuta eta ezjakintasunean murgilduta, ez daki non dagoen, nora doan, ez eta iritsiko ote den inora. Helburu argia dauka, muga zeharkatzea, badakielako horrela bakarrik, bere jaioterririk urrun joateko aukera izango duela eta herrian duen ziurtasun ezatik salbu egon daitekeela. Hala ere, mendien azken mugako herrira iristean, denbora iristen ere ez den herrira, abandonuaren minak eta etorkizunaren zaurgarritasunak sakoneraino barneratuta dituenean, ihesa gero eta usuagoa eta korapilatsuagoa egiten hasiko zaio... Pixkanaka inguru horietako bazterretan galduz joango da eta gero eta zailagoa izango zaio handik aldentzea".

Filmaren trailerra albiste honi atxikitako bideoan duzue. Sutegin egingo den doako proiekzioa irekia izango da, hau da, edonork joan ahal izango dute auditorioko aforoa bete arte. Proiekzioan bertan izango dira filmaren zuzendari Mikel Ibarguren eta Ekain Albite.

Proiekzioaren aurretik, Artzabalgo jardunaldiaren baitan ikus-entzunezko lan honen zuzendariok parte hartuko dute "Joan da negua? Euskal gatazka fikziora eramateko narratiba berriak" izeneko saioan.

"Negu hurbilak"
Ekipo tekniko eta artistikoa:
Zuzendaritza: Ekain Albite.
Gidoia: Ekain Albite, Adrià Roca y Nicolau Mallofré.
Casting-a: Mikel Ibarguren.
Ekoizpena: Guillermo Ortuño y Roos van den Heuvel.
Argazkia: Javier Seva y Víctor Rodríguez.
Arte eta jantzitegia: Justina Montserrat.
Soinua: Iosu Martínez.
Muntaia: Edu V. Romero y Sara Salinas.
Diseinu grafikoa eta argazki finkoa: Angela Ramos.
Aktoreak: Jone Laspiur, Beñardo Mutuberria eta Anita Hualde.