Jakin Jardunaldia

Jakin Jardunaldiak, 2028ra arte bai gutxienez

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 20a, 09:08

Usurbilgo Udalak, Jakin Fundazioak eta UEU-k gaur abiaturiko jardunaldia beste lau urtez antolatzen segitzeko lankidetza hitzarmena sinatua dute.

Gaur Artzabalen abiaturikoa, UEU-ren udako 52. udako ikastaroen baitako zortzigarren Jakin Jardunaldia duzue. Ibilbide arrakastatsu hau lankidetza hitzarmen baten testuinguruan egin da, beste lau urtez segida izango duena.

Izan ere, Jakin Jardunaldi hau aurkezteko maiatza amaieran Donostian egindako agerraldian, antolatzaileek, UEUk berak, Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak elkarlan hau 2028. urtera arte luzatzea erabaki zuten hirugarrenez.

"Beraz, beste lau edizio gehiago gutxienik izango dira bai. Hitzarmen honek ahalbidetzen duena da UEUren eskaintzaren barruan Usurbilen Jakin Jardunaldia antolatzea", gogorarazi zuen hitzarmena sinatzerakoan Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak.

Pozarren agertu ziren sinatzaileak. “Elkarlan hau oso emankorra, aberatsa eta gustagarria da”, nabarmendu zuen alkateak. Lankidetza hitzarmen honetan antolatzaile bakoitzaren egitekoak zehazten dira. Udalak tokia, herria eskainiko dio Jakin Jardunaldiari, 10.000 euro bideratzeaz gain; 4.000 euro UEUri bideratuko dizkio Udalak antolakuntza eta koordinazio lan zein matrikulazio kanpaina bideratzeko eginbeharretara eta gainerako 6.000 euroak Jakin Fundazioari, "jardunaldi hauen inguruko gaiak proposatu, gogoetatu, zuzendu, dinamizatu eta jardunaldiaren ostean ateratzen den lan monografikoan, ateratzen diren proposamenak bildu daitezen". 

Jakin Jardunaldiaz alkateak zioenez, “guretzako aukera paregabea da herri unibertsitate herritar hori bi egunez gure herrira ekartzea, ezagutzaren, gogoetaren, jakinminaren, pentsamenduaren, kulturaren artean egiten den uztarketa hori gure herrian gertatzea, iruditzen zaidalako, herrigintzan ari garenontzat behar beharrezkoak ditugula elkarrekin pentsatzen jartzen gaituzten gune horiek”.

"Elkarlan honetan gu gustura sentitzen gara"
"Gu oso eroso sentitzen gara gaurkoa bezalako elkarlanetan, Jakin fundazioarekin eta Usurbilgo Udalarekin kasu honetan, ze uste dugu horrela sortzen direla sinergiak eta hori da, azken finean, gure bokazioa, sinergiak sortu eta ekarpenak egin Euskal Herriari. Gure aldetik sinergia horietan saiatzen gara jartzen gure ale akademikoa", adierazi zuen UEU-ren zuzendari Aitor Bengoetxeak Lankidetza honetan jarraitzeko gogoa adierazi zuen. "Elkarlan honetan gu gustura sentitzen gara. Emankorra izan dadila", desio izan zuen Donostiako agerraldian.


"Sinergia esaten den horren adibidea da"
Jardunaldi honen antolatzaileen arteko lankidetza erosotzat jo zuen Jakineko zuzendari Lorea Agirrek Donostiako agerraldi hartan, "sinergia esaten den horren adibidea da". Urtez urte, hobetzen doana. "Geroz eta hobetoago, interesgarriago, hobeto landuago eta hobeto pentsatua antolatzeko" lankidetza bideratzen doazela gaineratu zuen.

"Guretzat Jakin Jardunaldia garrantzitsua da oso, mimo bereziz lantzen dugu urtero gaia eta, ondoren, ateratzen dugun monografikoan baita ere. Ez dakit hitzarmen hau ez balego nola egingo genukeen".