Buruntzaldean gidabaimena euskaraz ateratzeak saria izaten du, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek 2009az geroztik sektore hau euskalduntzeko, euskararen erabilera sustatzeko, abian duten egitasmoaren baitan.
Ekimenarekin bat egiten duten eskualdeko autoeskoletan gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzeko hautua egiten dutenek 400 euroko saria irabazteko aukera izaten dute, sustatzaileek urtero egiten duten zozketan. Zozketa bera berriki egin dute Usurbilgo Potxoenean. Autoeskola adina sari zozketatzen dira. Usurbilen, autoeskola bakarra egonik, saritu bat izan da, albiste honi atxikitako Udalaren irudian duzuen gaztea; Elur Zaldua Elortza. 400 euroko saria eskuratu du gidabaimena bere ama-hizkuntzan eskuratzea erabaki eta erabaki hau gauzatu izanagatik.
Eskualdeko aipatu sei udalek eta bederatzi autoeskolek parte hartzen dute egitasmo honetan; tartean, Usurbilgo Solozabalek. Elur eta zozketan saritutako gainerako eskualdeko herritarrak, iaz gidabaimena euskaraz atera zutenak dira, 2023koak. Aurten hautu bera egiten dutenen arteko zozketa, beraz, 2025ean egingo da.
Egitasmo hau martxan jarri zutenetik 2010. urtean geroztik eskualdeko 1.310 herritarrek eskuratu dute gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz.
Gonbita egina
Usurbilgo Udalak berriki jakinarazi zuen moduan, Buruntzaldeko udalek, tartean Usurbilgoak, 18 urte bete dituzten herrikideei gutun bidez gidabaimena euskaraz ateratzeko gonbita helarazi diete.
Eskualdean egitasmo honekin bat egin duten autoeskola hauetan eman daiteke izena:
-Andoainen: Bengoetxea eta Vallina Cap.
-Hernanin: Hernani, Lagunak eta Otamendi.
-Lasarte-Orian: Mugica eta Vallina Cap.
-Urnietan: Solozabal.
-Usurbilen: Solozabal.