Gidaibaimena euskaraz

"Kalitatezko eskaintza bermatzeko aurrerapausoak eman dira"

Noaua Aldizkaria 2024ko ira. 5a, 08:33

Gidabaimena euskaraz eskuratzea sustatzeko azken aldian emandako aurrerapausoei buruzko xehetasunak eskaini dituzte sustapen lanetan diharduten Buruntzaldeko udalek.

Berriki Potxoenean eginiko zozketa bidez jakinarazi dituzte Buruntzaldeko udalek gidabaimena euskaraz eskuratzeko eskualdean abian duten egitasmoari buruzko berrikuntzak. Izan ere, gogorarazi dutenez, "berriki, kalitatezko eskaintza bermatzeko aurrerapausoak eman dira". Bi dira jorratu dituzte lan ildoak. Batetik, aurreko ikasturtean, "2022-23 ikasturtean, Errenteriako Don Bosco ikastetxean, Goi Mailako D ereduko ziklo bat eskaintzen hasi ziren, autoeskolako irakasleak prestatzeko. Klase teorikoak eta praktikoak euskaraz emateko formazioa jaso dute bertan irakasle gaiek. Orain aterako da lehen promozioa, 2024ko ekainean".

Bestalde, "EAEko Autoeskolen Federakuntzak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, gidabaimena euskaraz ateratzeko material berria argitaratu du, eskuliburu teorikoak, bideoak eta azterketa egiteko materiala barne. Materiala ordenagailuz zein mugikorrez ere erabili ahal izango da, horrela, nahi den garaian eta tokian ikasteko aukera emanez".

Parte hartzea sustatzea xede
Berrikuntza hauekin parte hartzea suspertu nahi dute egitasmo honen sustatzaileek. Izan ere, "orain arteko bilakaera datuek erakusten dute 2019az geroztik beherantz egin duela auto-eskoletan izena euskaraz emandako ikasle kopuruak. Azken berrikuntzekin, ordea, aukera polita izango dute gure gazteek, inolako oztoporik gabe, azterketa euskaraz prestatzeko. Buruntzaldeko udalak, behintzat, horretan ahaleginduko gara".

Izan ere, bide honetan urrats gehiago eman asmo dituzte. "
Aurrerapausoak emateko eta euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko jarrera irmoa dugu, eta argi dugu Buruntzaldeko herritarrak gidabaimena ateratzeko orduan ere euskararen aldeko hautua egitera bideratzeko lanean segituko dugula".

Gazteak ere egitasmo honetan parte hartzera deitu dituzte. "
Baztertu aurreiritziak eta hautsi inertziak! Gidabaimena euskaraz!".