Osoko bilkura

Ohi baino lehenago hasiko da osteguneko osoko bilkura

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 24a, 09:57

Ohi baino bi ordu lehenago hasiko da ekainaren dagokion ostegun honetako osoko bilkura. Izan ere, besteak beste, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari aurkeztutako alegazioei  erantzungo diete, azken urteotako luzeena izatea aurreikusia dagoen saio horretan.

Azken urteotako osoko bilkura luzeena izan daiteke. Izan ere, ohi baino lehenago hasi eta ohi baino beranduago amai daiteke hiru egun barrurako Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan deitu duten saioa. Aurreikuspen horrekin, bestetan baino bi ordu lehenago emango zaio hasiera hilabete honi dagokion osoko bilkurari; ez beraz, gainerakoetan egin duten moduan arratsaldeko 18:00etan, 16:00etan baizik.

Luze jo dezake hitzordu honek. Izan ere, hamabi puntuko gai-zerrenda hartuko dute ahotan. Tartean, bada udal ordezkariek denbora luzez jorratuko duten gai bat; hasieraz onartua dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra hain zuzen. Etorkizuneko Usurbil diseinatuko duen planeamendu mardul honi aurkeztu zaizkion alegazioak banan-bana erantzun beharko ditu udalbatzak.

41 alegazio
Egitasmo mardula den seinale, 2022ko urriaren 13an onartu zutela hasieraz HAPOa. Alegazio epean izan zuten gero 2023ko otsailaren 28ra arte. Tarte horretan aurkezturiko alegazioei erantzungo diete osteguneko osoko bilkuran. Hemen datua; Udaletik jakinarazi dutenez, epealdi hartan 39 alegazio aurkeztu ziren, beste bi epez kanpo, 41 guztira, honenbestez. Alegazio hauek banan-bana aztertu ditu Udalak. Banan-bana bozkatu beharko ditu udalbatza osatzen duten udal ordezkariek hilaren 27ko saioan.

Harrotasun eguna, Palestina, haur eskola...
Gai honez gain, kontu gehiago ere ahotan hartuko dituzte udal ordezkariek. Udalak jakinarazi duenez batetik, 2023ko Kontu Orokorraren onarpena; udal Plantilla Organikoan zein Lanpostuen Zerrendan izandako aldaketak ere bozkatu beharko dituzte.

Haur eskola ere hizpide izango dute. Apirilaren 11n erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak zehaztu eta hasieraz onarturiko ordenantzari aurkeztutako alegazioak erantzun eta behin betiko onetsi asmo dute, zerbitzua bera esleitzearekin batera.

Bestalde, osoko bilkuraren biharamuna, ekainaren 28a izango da, LGTBIQ+ Harrotasunaren eguna. Egun horri lotutako adierazpena ere bozkatuko dute udal ordezkariek. Azkenik, palestinar herria bizitzen ari den egoera ere ahotan hartuko dute.

Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: ekainak 27, osteguna.
Ordua: 16:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- 2024/05/30eko bilkurako akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2024ko maiatzaren 28tik ekainaren 21era (2024/625-2024/765).
3.- 2023ko Kontu Orokorra onartzea (2024EKKO0001).
4.- Hasieraz onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari aurkeztu zaizkion alegazioak erantzutea (HZ.01/2015-0153).
5.- 2024ko Plantila Organikoaren aldaketaren hasierako onespena (2023FAZE0001).
6.- 2024ko Lanpostuen Zerrendaren aldaketaren onespena (2023FAZE0001).
7.- Haur Eskolako erabiltzaileei dagozkien eskubide eta betebeharren ordenantzaren hasierako onespenari aurkeztutako alegazioak erantzun eta ordenantza behin betiko onartzea (2024ZZZZ0002).
8.- Usurbilgo Udal Haur Eskola zerbitzuaren esleipena (2024LIRZ0001).
9.- LGTBIQ+ Harrotasunaren eguna 2024ko ekainak 28ko adierazpena (2024IMOZ0004).
10.- Mozioa: Palestinako egoerari buruz Palestinarekiko Erantzukizun Plataformak aurkeztutako mozioa (2024IMOZ0003).
11.- Mozioa: Ekialde hurbileko muturreko indarkeria egoerari buruz PSE eta EAJ udal taldeek aurkeztutako mozioa (2024IMOZ0005).
12.- Galdera eta eskaerak.