Aspaldi, urteotan ikusi gabeko idiak itzuli dira Dema plazara eta ez dira bertatik mugitu ere egingo datorren aste osoan zehar. Idi parea eta hura gobernatu nahian ari den gizona, makila eskuartean eta purua ahoan, hirukote hauxe duzue aurtengo Usurbilgo jaietako maskota.
Astearte goiz honetan zintzilikatu dute frontoian eta handik zainduko gaituzte hastear diren herriko festetan. Lan hauetan aritu da egilea bera, Jokin Eizagirre herrikidea semearen laguntzaz.
Beste urte batez usurbildarraren sortze lan bikaina zintzilikatzeko lanek ikusmina sortu dute. Datozen ordu eta egunetan frontoira gerturatuko den batek baino gehiagok ere gorantz begiratuko dute zalantza izpirik gabe.
Jaietako maskota, ohi bezala, frontoian jira-biran ikusiko dugu egunotan 24 orduz, festak agurtu arte. Izan ere, ohi bezala, uztailaren 2an, gaueko 23:00etarako iragarria dagoen azken trakarekin birrinduko da betiko, Eizagirreren sortze lan bikain hau.
Beste behin, zer hausnartua eta zer esana emango duen maskota baita aurtengoa ere.