Urteroko eraldaketa abian da eta bistan denez, badatoz 2024ko Usurbilgo jaiak. Hiru egun baino ez txupinazorako, nahiz bezperan, ostegunerako ere zenbait hitzordu deitu diren jada. Edozein modutan, ate joka ditugun festei begira herria prestatzen hasia, jai giroz blaitze betean da.
Apaingarriak
Maskotarekin batera, Dema plaza ere eder asko apaindua dago, herriko festei harrera egin eta dagokien lekua emateko prest. Girlanda berrerabilgarriekin apaindu dute beste urte batez. Gogoan izan, Udarregi Ikastolako DBH2ko ikasleek ekimen berria jarri zuten martxan duela bi urte, ikasturtearen hasieran 2022ko Santixabeletarako oihalezko girlandak sortzeko. Urteroko plastikozko girlanda gorriak iraganeko elementu bilakatu, eta birziklatutako materialez egindakoak izango ditu Usurbilek aurrerantzean.
Hondakinak murriztu eta birziklapena sustatzeko Balore Etikoak arloan garatu zuten proiektu hau ikasleek, eta ez hori bakarrik, belaunaldien arteko harremana ere sustatzea izan zuten helburu. Izan ere, Udarregi Ikastolako ikasleez gain, herriko jubilatu taldeek ere parte hartu zuten proiektuan; Gure Pakea Elkarteko kideek, bai eta Santueneako eta Aginagako jubilatu taldeek ere. “Proiektua azaltzera joan ginen hiru lagun eta jubilatuei asko gustatu zitzaien ideia. Laguntzeko prest agertu ziren, eta haiek arduratu dira girlandak behar bezala josteaz”, adierazi zioten duela bi urte ikasleek NOAUA!ri.
Maindireekin, mahai oihalekin eta bestelako oihalekin osatutako 30 metroko girlandak dira, kolore ezberdinetakoak, jaiotan ere ikusgai izango dituzuenak.
Feriagunea
Ohi bezala, ambulatorio ondoko aparkalekuak ibilgailuak uzteko eremu izateari utziko dio zenbait egunez. Izan ere, bertan kokatuko da feriagunea. Dagoeneko aparkalekurako sarbidea itxita dago. Sarreran Udaltzaingorak hesiekin jarria du hura husteko eskaera, feriagunekoek azpiegiturak munta ditzaten. Festetan zabalik izango den jolastoki honi lotutako azken ohar bat, urterokoa baita. Bi egunetan prezio bereziak izango dituzte bertan; batetik, aurten astelehenez, uztailaren lehenean ospatuko den Umeen Egunean zehar, baita festak amaitu osteko biharamunean ere, uztailaren 3an. Jaiak amaitu arren, asteazken horretan ere, zabalik izango da feriagunea.
Txosnagunea
Mikel Laboa plazan kokatuko da, bestalde, txosnen gunea, hainbat ekitaldi ospatuko diren oholtzarekin batera. Astearte goiz honetan hasi dute eremu hau egokitzeko lanak. Bertan bost egunez hamaika ekimen iragarri ditu Usurbilgo gazte mugimenduak; Gazte Eguna, oilasko biltzaileak, kontzertuak, Bertsio Gaua, paella txapelketa, poteo elegantea... Egunez eguneko egitaraua web orrialde honetako "Agenda" atalean kontsulta dezakezue.