Usurbilgo jaiak

Bertsio Gaueko eskaintza aurreratu dute

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 25a, 10:45

Uztailaren 1eko herrikideen musika maratoian parte hartuko dutenen zerrenda plazaratu du Xauxar Txozna Batzordeak.

Antolatzen hasi zirenetik harrera bikaina izan du. Urtez urte, gainera, hazten doa parte hartzearen ikuspuntutik, eskuhartzen dutenen profila ere zabaltzen, eskaintza bera bezalaxe. Usurbilgo jaietako Bertsio Gauaz ari gara. Herrikideak oholtza gainera eramaten dituen musika maratoi arrakastatsua datorren astelehen gauean izango dugu, uztailaren 1ean, Mikel Laboa plazako txosnagunean. 

Herriak duen musika sorkuntza oparoaren islada argia izaten den hitzordu honetan parte hartuko duten taldeen zerrenda argitaratu du Xauxar Txozna Batzordeak sare sozialen bidez. Segidan duzue zerrenda. Ohi bezala, herrikide musikariak askotariko abesti eta estiloak jotzen ikusiko ditugu. 

Bertsio Gauaz gain, datozen festa hauetan hamaika musika hitzordu izango ditugu. "Egunero musika izango dugu goizetik gauera", aurreratu zuen Jai Batzordeak pasa den astean Mikel Laboa plazan estreinakoz eginiko jaien jendaurreko aurkezpen ekitaldian. Hitzorduotan ere, herritarrak izango ditugu protagonistak; Ameba, Fanfarrikant Brass Band talde berria edota Triku taldekoen kalejiraz gozatu ahalko dugu. Trikitilari eta panderojoleen talde honek girotu zuen hain zuzen atzoko aurkezpen saioa.

Gainerakoan txarangak kalejiran ibiliko dira, erromeria taldeak izango ditugu, kontzertu gau amaigabeak, Dj-ak.... Segidan duzue ate joka ditugun Usurbilgo jaien musika eskaintza zabalaren berri: 


Bertsio Gaua
Eguna: uztailak 1, astelehena.
Ordua: Tapia eta Leturiaren 20:00etako frontoiko erromeriaren ostean.
Lekua: Mikel Laboa plazako txosnagunea.
Parte hartzaileak: Xuxena, Ekartzank Xira, Kolakau, Zakil Rekords, Disney, Land Dover, Gitayas, Zeonak, Kakitzat, Postariyak, Errezetak, Skagehiagotan, The Furuns, Ostiko-K, Herriko Pailazoak, Errezetak, Los Zopilovers Txirriaus, Skapau.


Musika hitzorduak jaietan
Ekainak 28, ostirala
Oilasko biltzaileen bazkariaren ostean, Hysteriaren kontzertua.
18:30 Jaixkipe txaranga frontoian.
22:30 Erromeria: Laket.
Ondoren, kontzertuak txosnetan: Neallta Fola, Ziztada&Rlantz eta DJ Zer?

Ekainak 29, larunbata
13:30 Fanfarrikant Brass Band.
18:00 Txosnetan kontzertua: Tik Tara.
Ondoren, Laskotxaranga.
23:00 Kontzertuak frontoian: Ameba eta Dupla.
Ondoren, kontzertuak txosnetan: Ezpalak taldea eta DJ Reimy.

Ekainak 30, igandea
Egunsentian, Hamarru elektrotxaranga.
20:30 Erromeria frontoian: Itzal.
Ondoren, kontzertuak txosnetan: Akaleia, Ithaka eta DJ La Fulana.

Uztailak 1, astelehena
Gazte bazkariaren ostean, Anuk eta Elene.
18:00 Distopia elektrotxaranga, txosnetatik abiatuta.
20:00 Tapia eta Leturia, frontoian.
Jarraian, Bertsio Gaua txosnetan.

Uztailak 2, asteartea
09:00 Esnadeia, txistulariekin.
12:30 Triku taldearekin kalejira.
19:00 Puro Relajo musika taldea Artzabalen.
Ondoren, txosnetan: Pisoo&OPH raperoak eta Karaokea.