Usurbilgo jaiak

HarEman egitasmokoak, sokadantzako gonbidatuak

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 25a, 11:04

Santixabel egunez udal ordezkariek herriari eskainitako sokadantzako gonbidatuak izango dira aurten, Usurbilen bizi diren eta udalerri honetara bizitzera etorritakoak hartuemanetan jartzen dituen egitasmoko parte hartzaileak.

Santixabel egunez Usurbilgo udalbatza osatzen duten udal ordezkariek sokadantza eskaintzen diote udaletxe atarian, herritarrei. Urtero, herriko festen jaiegun nagusian, herritar talde bat gonbidatzen dute dantzara, eskertza helarazteko edota omentzeko; aurtengoan, HarEman egitasmoko parte hartzaileei egin diete deia. Baiezkoa eman diete Usurbilen bizi nahiz udalerri honetara bizitzera etorritakoak hartuemanetan jartzen dituen egitasmoan dabiltzanak.

"Oso irudi polita eta ikusgarria izango dugu udaletxe atarian" Santixabel egunean, Jai Batzordetik aurreratu dutenez. Asteotan gogotik entseatzen ari direla berri eman dute.

Urte hasieran hasi ziren ekimen honetako parte hartzaileak harremantzen. Lehen ekinaldia amaierara heldu den honetan, helburua bete dela adierazi digute Usurbilgo Udalaren eskariz dinamizazio lanetan jardun duen Zabalduz kooperatibak baita parte hartzaileek ere. 

Zubi gehiago eraikitzen
"Balantzea oso ona da", nabarmendu dio NOAUA!ri Zabalduz-eko ordezkari eta egitasmo honen dinamizatzaile Loira Manzanik. Pausoa eman dutenek naturalki eta horizontaltasunez eraiki dituzte harremanak. Zazpi bikote aritu dira, baina hamalau kideko hartueman sarea handitu egin da, denborak aurrera egin duen heinean. "Zubi gehiago eraiki dira. Adibidez, badira HarEmani esker, Emakumeen Etxea ezagutu eta bertako eskaintzan izena eman dutenak, edo euskara ikastea erabaki dutenak. Edo beste leku edo pertsona gehiagotara gerturatzeko ahaldundu direnak", Loirak azpimarratu duenez. 

Garrantzitsutzat jo du bereziki hurbilketen gaia. Izan ere, "askotan gertatzen da, bere lekuan geratzen direla migranteak eta askotan ez dute sentitzen eskubiderik dutenik espazioak okupatzeko". Horri lotutako hainbat kontu azaleratu ditu hain zuzen, mentoretza programa honek. "Diagnostikatzen lagundu du herrira bizitzera datozenek bizi duten bakardade handia, deserrotzea, segurtasun falta herria haiena dela sentitzerakoan. Mentoreen kasuan, beste errealitate batzuk ezagutu eta norbere herria beste leku batzuetatik datozenekin partekatzeko aukera izan dute, oso aberasgarria dena". Proiektuak fokua non jarri behar den lagundu duela gaineratu du. Esaterako, herrian bizi direnen aldetik boluntarioak falta izan dira edota bi bikoteren hartuemanak ezin izan du aurrera jo, "mentoratuak zaintza lanetan dabiltzalako". Eskerrak helarazi dizkie Udalari eta parte hartzaileei, egitasmo honetan izan duten inplikazioagatik. Oroitarazi duenez, "konpromiso maila handia eskatu eta norbere erosotasun zonaldetik ateratzea eskatzen duen egitasmoa da", gogorarazi du Loirak. 

Eraikitako hartuemanek bere bidea segiko duten arren, dinamizazio lanaren testuinguruan, ikasturtea ixteko parte hartzaile guztien topaketa egin asmo dute herriko festak igaro ostean. Lehenago, aipatu moduan, dantzan ikusiko ditugu Usurbilgo sorterri ezberdinetako herrikideak uztailaren 2an.