Usurbilgo jaiak

Festagunea denontzako espazio segurua izateko ekimenak jaiotan

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 25a, 09:56

Gaztelekuan arreta puntua kokatuko dute. Horrez gain, informazio gune bat ere egokituko dute asteburuan.

Ate joka ditugun datozen herriko festen eremua espazio segurua izan dadin, zaintzadun espazioa, lanean dihardu Usurbilgo Jai Batzordeak estreinakoz ekainaren 17an egindako aurkezpen ekitaldian zehar jakinarazi zuenez. "Lanean gabiltza festak guztiontzako espazio seguruak izan daitezen". 

Erasorik gabeko Usurbilgo jaien aldeko lanketa bideratzen ari dira beste urte batez. Arreta puntua eta informazio gune bat kokatuko dute datozen festetan. Emagin elkartearen eskutik hain zuzen, "Gaztelekuan arreta puntua egongo da, jaietan gertatzen diren edozein intentsitateko eraso matxisten aurrean, erasoa jasan duenari aurrez aurreko arreta emozionala zein bidelaguntza eskaintzeko". Jaietako bi gauetan eskainiko da zerbitzu hau; ekainaren 28an, ostiralean, 22:00-3:00 artean eta biharamunean, hilaren 28an, larunbatez, 23:00-6:00 artean". 

Horrez gain, "Mikel Laboa plazan ere informazio gune bat egongo da, herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko helburu duena"; ekainaren 29ko gau partean.

Baliabideon harira, Usurbilgo mugimendu feministak gogorarazi duenez, "urte luzez goaz esaten, aurten ere egin dugu, eta beharbada beste mila aldiz ere esango dugu: ez dugu inolako eraso sexista, matxista, homofobo, transfobo edo arrazistarik onartuko. Antolatuta gaude eta erantzun egingo dugu. Borrokan jarraituko dugu kaleak eta gauak ere gureak izan arte".

Halere, gogorarazi dutenez, "hau ez da gure ardura bakarrik, herritar zein festen parte izango den pertsona ororen ardura ere bada. Beraz, jarrera inbasibo, erasokor edo bestelakorik ikusiz gero, ez begiratu beste aldera, ez izan konplize. Baina batez ere zure ardura da, denaren gainetik eta beste pertsona kontuan hartu gabe, edozer egiteko boterea sentitzen duenarena. Ez dizugu gure festetan nahi, beraz ez badakizu egoten ez etorri".