Usurbilgo jaiak

Aldaketak trafikoan eta jaieguna asteartean

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 25a, 08:26

Ate joka ditugun Usurbilgo jaiotan kontuan hartzeko zenbait ohar segidan.

Geltoki aldaketa
Herri erdiguneko txoko askotara hedatuko da egunotako festa giroa. Ondorioz, egunerokoan ibilgailuen joan etorriak baimenduak dauden zenbait kale zatietan, ohikoetan, eten egingo da trafikoa hainbat uneetan, segurtasuna bermatze aldera.

Testuinguru horretan hain zuzen, Usurbil, Zubieta, Lasarte eta Hernani lotzen dituen autobus zerbitzuaren geltokia lekuz aldatuko da festek iraun artean, ekainaren 28tik uztailaren 2ra. Zerbitzu horren abiapuntu eta helmuga izaten den albiste honi atxikitako argazkiko San Inazio kaleko geltokian ez da geratuko autobusa.

Usurbilgo Udaletik jakinarazi dutenez, "BU10 autobusa San Inazioko biribilgunean geldituko da ekainaren 28ko lehenengo zerbitzutik hasi eta uztailaren 2ko azken zerbitzura arte". Geltoki aldaketa honen erabakiaren zergatia azaldu du Udalak. "Buruhandietan eta bestelako ekitaldietan Bordatxoko biribilgune inguruan autobusekin sortu izan diren arrisku egoerak gutxitze aldera hartu dute erabakia".

Uztailaren 2a jai
Gogoan izan, bestalde, Usurbilgo festetako jaiegun nagusia uztailaren 2a izaten da. Aurten asteartez egokituko da udalerri mailako jaieguna. Ondorioz, egun horretan udal zerbitzuek eta dendek jaieguna izango dute. 2025ean ere uztailaren 2a izango da Usurbilgo jaieguna. Aho batez, azken urteotako ohiturari jarraituz, datorren urteko udalerri mailako jaieguna uztailaren 2a (urtebete barru asteazkena) izendatzea erabaki zuten udal ordezkariek maiatzaren 30eko osoko bilkuran. Izan ere, Udalak du herri honetako jaiegun ofiziala izendatzeko eskumena. Aurtengo jaieguna iaz izendatu zuten baita bide beretik.