Palestina hizpide gaurko hitzaldian

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 26a, 09:12

"Palestina: historia eta gaur egungo egoera" izeneko hitzaldia antolatu du Tadamun taldeak asteazken honetarako.

Palestina hizpide izango da Usurbilen egunotan. Hasteko, asteazken honetarako, ekainaren 26rako, hitzaldia antolatu du Tadamun taldeak. Arratsaldeko 20:00etan hasita Potxoenean, "Palestina: historia eta gaur egungo egoera" hizpide duen solasaldia iragarri du aipatu taldeak. Taher Ali ariko da hizlari lanetan. Bera Samidoun izeneko elkarteko kidea da. Samidoun preso palestinarren elkartasun sarea da. Bere berri zabalago samidoun.net atarian jaso dezakezue.

Bi mozio
Solasaldi hau ez da izango aste honetarako iragarriak dauden ekitaldien artean, Palestina hizpide izango duen ekitaldi bakarra. Izan ere, ostegunean bilduko da hilero moduan (oraingoan 16:00etan), udalbatza osoko bilkuran. Besteak beste, Palestina ahotan hartuko duten bi mozio bozkatuko dituzte udal ordezkariek; batetik, "Palestinako egoerari buruz Palestinarekiko Erantzukizun Plataformak" aurkezturikoa eta, bestetik, "Ekialde Hurbileko muturreko indarkeria egoerari buruz PSE eta EAJ udal taldeek aurkeztutako mozioa".

Palestinarekiko Erantzukizun Plataforma berriki osatu dute Euskal Herriko mugimendu sozialetako ordezkari hainbatek, palestinar herria babesteko, bizi duen egoera jasangaitzaren aurrean.

Palestinar herriaren aurkako genozidio hau geratzeko nazioarteko hainbat eragileek erakutsitako gaitasun faltaren aurrean urgentziaz osaturiko bilgunea da honakoa. Gobernuek eta enpresek duten ardurari egiten diote azpimarra, baita palestinar herria babesteko gizarteak duen erantzunkizunari ere.

Hego Euskal Herriko udaletxeetan mozioak aurkezten ari dira. Usurbilen ostegun honetan bozkatuko dute. Mozio hauen bidez udalei hainbat konpromiso hartzea eskatzen zaie.