Usurbilgo jaiak

Sorkuntzari plaza eta erakustaretoa eskainiko diote festek

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 26a, 10:33

Zirriborro tailerrekoek ikasturtean zehar ondutakoa ikusgai izango duzue festa hauetan Sutegin. Bestalde, jaien lehen egunerako iragarri dute Kolore Festa ekimena.

Herri sortzailea izanik, nola ez, festetan ere sorkuntzari eremu propioa eskainiko diote ate joka diren herriko festetan. Batetik, Susana Martinen gidaritzapean Zirriborro tailerreko ikasleen lanak ikusgai jarriko dituzte Sutegiko erakusketa gelan jaietako egun guztietan. 12:00-14:00 egongo da irekita goizez eta 18:00-20:00 arratsaldez. Erakusketa prest dute dagoeneko.

Ikasturtean zehar egindako lanak jarriko dituzte ikasleek ikusgai eskulanak eta pinturarekin egindako denetariko marrazki, lan eta koadroak. Aurtengoan artista txiki asko izan dituzte tailerrean, eta beraz, marrazkiek izango dute protagonismo gehiago koadroek baino. Erakusketa zaintzeaz irakaslea bera arduratuko da, baina txanda batzuetan ikasleak ere bertan izango dira lanak zaintzen.

Kolore Festa
Ohi bezala, bestalde, Kolore Festa osatuko dute gaztetxo artista eta margolariek guraso talde baten eskutik, jaien lehenengo egunerako. Ekainaren 28an ostirala, arratsaldeko 16:00etan Artzabalen. Ondoren, 18:00etan Kolore Festako opari banaketa egingo dute. Pinturez gozatzeko aukera ederra izango da arratsalde osoan zehar.