Usurbilgo jaiak

Otorduak lagunartean egiteko aitzakia bat baino gehiago jaiotan

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 26a, 09:53

Jaien eremutik atera gabe, hainbat otordu lagunartean egiteko aukera eskainiko dute festa hauek.

Ate joka ditugun festetan, denetarik eta denontzako zer egina izango da zalantza izpirik gabe. Jaietako ajea leundu eta indarberritzeko hainbat hitzordu iragarri dira, lagunartean bapo jan dezagun, festa eremutik atera beharrik izan gabe. Egunero izango dute ekitaldiren bateko edo besteko parte hartzaileek zer dastatua.

Ostiralean ekingo diote hitzordu gastronomikoaren zikloari oilasko biltzaileek. Herrian barrena goizean goizetik hasitako bira, txosnagunean amaituko dute bazkari eder baten bueltan. 

Zikiro janerako bilduko dira ehunka lagun biharamunean, Askatasuna plazako aterpean, Fanfarrikant Brass Band herriko fanfarre talde berriak girotuko duten eguerdian. Igandean, jubilatuen txanda. Ohi bezala, Atxega jauregian bilduko dira otordu eder baten bueltan. 

Asteburu mugituaren ondotik, aste hasiera indartsu hasteko haur zein gazteen bazkaria. Haurrena, norberak etxetik eramanda Artzabalen dastatzeko aukera izango da. Gazteena txosnetan egingo da, mojitadaren ostean. Anuk eta Elene herrikideek girotuko dute bazkalostea.

Gazteenarekin batera, haurrena ere izango den astelehen horretan, askari gozo askoa prestatuko dute gainera; txokolate jana. 

Festak amaitzeko, Santixabel Egunez ohikoa den lore eta salda banaketa goizean, bapo egiteko aukera hamaiketakoarekin goiz erdian. Arratsaldean, bestalde, paella lehiaketa iragarri dute txosnetan. Sukaldatutakoa bertan dastatzeko aukera izango da gero.

Usurbilgo jaiak
Ekainak 28, ostirala
14:00 Oilasko-biltzaileen itzulera eta bazkaria.

Ekainak 29, larunbata
14:00 Zikiro jana, Askatasuna plazan.

Ekainak 30, igandea
14:00 Jubilatuen bazkaria, Atxega Jauregian.

Uztailak 1, astelehena
13:30 Umeen bazkaria Artzabalen. (Norberak ekarrita).
14:30 Gazte bazkaria txosnetan.
18:30 Txokolate jatea, Artzabalen.

Uztailak 2, astelehena
Jarraian, lore eta salda banaketa.
18:30 Paella lehiaketa txosnetan. (Izen ematea 18:00etan)